Reala eta Ajaccio, Kilometroak jaiaren alde
Lagunarteko partida jokatuko dute bi taldeek, Azpeitiako Garmendipe zelaian, larunbatean, 18:00etan
Euskararen aldeko festa egingo dute larunbatean, Azpeitiako Garmendipe zelaian. Izan ere, Realak eta Ajacciok, Frantziako Lehen Mailako Ligako taldeak, 2011ko Kilometroak jaiaren aldeko partida jokatuko dute, 18:00etan. Aurtengo Kilometroak Azpeitian izango da, Ikasberri ikastolaren alde, Klik leloarekin. Beti bezala, urriko lehen asteburuan izango da jaia. Gainera, kasualitatez, asteburu berean Reala eta Athleticen arteko Ligako norgehiagoka egongo da jokoan.
Partidaren aurkezpena egin zuten atzo Zubietan, eta bertan izan ziren honakoak: Ikasberri ikastolako Aitor Unanue, Roman Azkue Kilometroaken koordinatzaileetako bat, Joseba Ibarburu Realeko kontseilaria eta Mikel Labaka Realeko jokalari azpeitiarra. Bide batez, deialdia egin zuten, Garmendipe zelaia leporaino betetzeko.
Sarrerak prezio baxuan jarriko dituzte salgai, eta lortzen duten diru guztia Kilometroak antolatzeko bideratuko dute. Gauza bera gertatuko da telebista eskubideekin.

