Eibartarra ote da?
Santa Klara uhartea badiaren apaingarria eta zaintzailea da; Donostiaren harribitxia askorentzat. Eibarren, berriz, ez daude ados. Eztabaidagaia ez da honen edertasuna, bere jabetza baizik. Norena da Kontxako perla?

Indiako emakumeek zerikusi gutxi dute hiriko hondartza ospetsuenaren parean dagoen uhartearekin. Baina haietako baten agerraldiak eman zidan, donostiarren artean zabaldua ez den arren, eibartarrek oso ezaguna dutenaren berri. Izan ere, mapa sekretuetako X-ren azpian altxorrik ezkutatzen ez badu ere, piraten nahiz izurridunen gordeleku izandako Santa Klara irlaren jabe direla diote armagileek. Sugandilararen baimenarekin, noski.
Prentsaurrekoa Gipuzkoa Plazako Foru Aldundiaren Jauregian zen. Orduko goi kargu bat –jada postuan ez dena– berandu zebilen. Haren albo banatan eseri behar zuten Indiako emakume ekintzaile batek eta Calcuta Ondoan elkarteko kideak, berriz, Aldundiaren babespean antolatutako hitzaldi sortaren berri emateko prest zeuden. Kazetariak aulkietan eserita, eta komunikazio arduraduna, urduri zegoelako-edo, eraikinaren atean politikaria noiz iritsiko zain. Halako batean, prentsa aretoaren sarrera ondoko eskaileretatik gora egin nahi zuen bikote heldu bat agertu zen. Bidea moztuz, aipatu foru langileak nora zihoazen galdetu zien. «Plaka ikusi nahi dugu», erantzun zion bikoteko gizonak. Gazteak orduan, eraikinaren fatxadarantz bideratu zituen. Norabidea aldatzeko intentzio gabe, «hori ez. Santa Klara Eibarrena dela dioena» erantzun zion gizonak. Komunikazio burua zur eta lur gelditu zen. Halakorik ez zela konbentzitu ondoren, bisitariek alde egiteko beste erremediorik ez zuten izan. Azkenerako iritsi zenean, gertakariak barrea eragin zion diputatuari. Niri, ordea, harridura eta jakin-mina.
Dena dakien –hala uste izaten da– Interneteko jakintsuari galdetu aurretik, erredakzioko kideen artean kezka argitzen saiatzeak, ez zuen emaitzarik izan. Ezta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren Santa Klara gure uhartea ezezaguna gainbegiratzeak. Arrotz zitzaizkidan gauza ugari aurkitu zituen, baina ez dagokion kontuari lotutakoak. Orduan bai, San Googleren txanda izan zen.
Emaitza gutxi baina esanguratsuak itzuli zituen bilatzaileak. Horietako bat Imanol Abad eibartarrak sortutako bloga. Santa Klararen irudiaren gaineko izenburuak berak dena dio: «Santa Klara, eibartarrona. Odon, confiesa, la isla es eibarresa». Bertan argi ikus daiteke kostaldean ia ezezaguna dena, bertakoen artean oso zabalduta dagoen zurrumurru historikoa dela. Udalari erreklamazioa egin edo konkistatzeko prest daudenak ere ez dira gutxi. Elorza alkateak aitortza hori egitea ez zuten lortu, Juan Karlos Izagirrerekin zorte gehiago izan dezakete. Baina horretarako, zeri buruz ari garen azaldu, frogatu eta onartarazi beharko diote. Zailena, antza, bigarrena izan daiteke.
Eibartarren egia
Mezu elektroniko bidez edukiaren inguruko hainbat galdera bidali, eta elezaharrari buruzko lehen aztarnak bueltan igorri zituen Abadek. «Frantsesen aurkako gudaren batean izan zela uste dut, Donostiak armak behar zituen, baina dirurik ez zuenez, berme gisa Santa Klara jarri zuen». Usteak erdia ustel omen du, eta egiatik zenbat duen ez badaki ere, argi du eibartarrak: «Eibar bezalako hiri batek uhartea izatea merezi du, itsasgorarekin ia desagertzen den udatiar aberaskumez betetako hondartza parean badu ere». Gaztearen erantzuna jaso artean, herrikide duen Miren Narbaiza kazetariarekin harremanetan jarri ninduen lankide batek. Honek, bertakoen ahozko tradizioaren parte dela baieztatzeaz gain, txutxumutxuen ezagule den Sustatu.comeko kazetari Josu Mendikuterekin hitz egiteko aholkatu zidan. Mendikutek lan itzela egin zuen ipuin honen korapiloa askatzeko. Berak egindako ikerketez gain, atea jotzeko hainbat aldaba luzatu baitzizkidan.
Lehena, Eibarko memoria historikoaz arduratzen den Egoibarra batzordearena izan zen. Bertako kidearen azalpenaren arabera, zurrumurrua mila teorien ondorio da. «Aspaldiko broma historikoa dela uste dut. Halako kontuek beti zer edo zer izaten dute atzean, baina oraindik ez dugu zer hori topatu». Donostiako agintarien erabaki gogorraren sorburua XIX. mendeko bi gerra izan daitezke: Konbentzio gerra, batetik, eta I. gerra karlista, bestetik. Frantziarren aurkako gerrako gertakaria izatea zaila da, erasoa hiritar guztiak harresien barruko aldean zirela egin omen baitzuten. Horrek zaildu egingo luke laguntza eskatzea, baina, bestetik, uhartea ordain gisa erabili izanari oinarria ematen dio. Gerra karlistaren kasuan, aldiz, Eibarrek liberalen alde egin izana litzateke gakoa.
Memoria historikoaz gain, Egoibarra batzordeak, hiriko ondarea gorde nahi du. Ondo arakatu dituzten udaleko artxiboak, eta irlari buruzko idatzirik ez omen da. «Dokumenturik ez dugu, eta ez dakigu baden. Izango bagenu Donostiako udalari aspaldi eskatua eta kendua genieon Santa Klara! kar, kar».
Eibarkoa ez da, ordea, arakatu duten agiritegi bakarra. «Oñatiko Protokoloen Artxibategi Historikoan agiriren bat ba omen da, baina ez digute erakutsi». Batzordekideak Mendikuteren zerrendako beste bi lagunekin hitz egiteko aholkuarekin amaitu zuen solasaldia. Bi artxibategi aukeran. Azken ohartarazpen-txantxak, jarraian nori deitu argitu zidan. «Udal artxibozainari deitzen badiozu, ziur aski, haserretu egingo zaizu 100.000.a izango zarelako galdera berarekin!».
Badaezpada, Oñatikoa izan zen hurrengoa. Ramon Martin bertako langileak gogoan du orain pare bat urte jasotako mezu elektronikoa. «Dokumentua bagenuen galdetzen ziguten, eta zein iturritan oinarritzen ziren jakiteko erantzun nien. Ez zuten berriro idatzi».
Kostaldeko kondaira
Nahiz eta azken punturaino duten edukia ez ezagutu, honi buruzkorik ez da. Erreferentziarik ez denez, «bulotzat» jotzen dute. Kontu honi dagokiona, «nik dakidala ez dago dokumentalki inon jasoa». Hala ere, Euskadiko kostaldean uharteen inguruan halako istorioak beti izan direla gogoratu zuen. «Izaro uhartea, Mundakakoa den ala Bermeokoa… Irlek beti sortu dituzte jabegoaren inguruko kontuak, ahozko ohituran edo jasoak, baina idatzietan ez dago ezer. Oso arrunta da. Herritar batetik bestera pasatzen diren istorio bitxiak dira». Erreportaje honi dagokionak, ordea, berezitasun nabarmena du, Eibar itsasertzetik 58 kilometrotara dagoela.
Santa Klararekiko interesa eibartarren artean zenbaterainokoa den neurtzea izan zen hurrengo urratsa. Yolanda Ruiz bertako udal artxibozainak ondo laburtu zuen bere neurria: «22 urte daramatzat hemen, eta lehen kontsulta hau izan zen. Errepikaria da, uretan bizpahiru aldiz galdera bera egiten didate», aitortu zuen, haserretzetik urruti, etsi onez. Ez da herrikoa, baina sinpatikoa iruditzen zaio bertako kondaira; eztabaida ugari ebatzarazten badizkio ere. Izan ere, zein gerratako oparia den asmatzea apustuen iturburu izaten baita. «Unzagatik paseoan edo txikiteoan ari diren zaharren ohiko eztabaida da. Artxibategira igotzen dira idatzia erakusteko eskatzera». Garaiko agiri ia guztien ezagule, Ruizek ipuin hutsa dela uste badu ere, zalantza txikiren bat gordetzen du. «Agiritegiak murrizteak jasan ditu hainbat gerretan erre zutelako. Idatzia hutsune horietakoa izan zitekeen. Gurean aipamenik ez da, baina Donostiako udal idatzietan zerbait egon daiteke».
Futbolzaleen konkista
Hirian galdetzen hasi aurretik, armen gorabehera izanik, Eibarko Armagintza Museoarekin hitz egiteari egoki iritzi nion. Marina bertako teknikariak umetatik ezaguna zaiola besterik ezin izan zuen gehitu. «XIX. mendean izan zela entzun dut beti, baina idatzita ez dago. Gurea dela diogu, baina idatzia non dagoen ez dakigu; nik eskuetan ez dut izan. Agian guk asmatutako kontua da». Donostiarrok gai honen ezagule ez izatea ulertzen du, honen oihartzunak Anoetan entzun zirela gogoan badu ere. «Zaletuek ‘Odon confiesa, la isla es eibarresa’ oihu egiten zuten». 2008ko azaroaren 8ko partida hura ere oroitu du Jesus Gutierrez historialariak. «Anoetan jokatu behar zuenean zabaldu zen Donostiara joan eta sinbolikoki uhartea hartuko zutela, Eibarrena dela gogorarazteko. Itsasontzian portutik joateko asmoa zuten». Abaden blogeko konkistatzaileak ote ziren?
XX. mendeko gertakarietan aditua izanagatik, Gutierrez, ez da galdeketetatik salbu izan. «Ez dakit nondik zabaldu zen. Behin baino gehiagotan galdetu didate nonbait jasota dagoen, baina kontrasteko dokumenturik ez dut inoiz ikusi, eta non dagoen ez diote». Sinesgarria izan edo ez, istorio polita da bertakoentzat. «Donostiara joaten garenean txantxa bezala ‘Bagara zer edo zer!’ esateko», aitortu zuen Gutierrezek. Azken elkarrizketatuek diotenaren arabera, hiriburuan pasadizo ezaguna izango litzateke. Hala ote da?
Donostiarren harridura
Abordaila hura inork gauzatu zuen ezagutzeko Angel Isturizi galdetzea baino bide hoberik ez da. Irlara bidaia egiten duen txaluparen gidariak harridura aurpegia jarri, barre pixka bat egin, eta «pentsa zenbat urte daramatzadan uhartera joaten… Entzuten dudan lehen aldia da. Santandarrena zela ezaguna dut, baina hori… Erdi bilbotarrak dira, badakizu». Bidaiariek ez diote inoiz halakorik kontatu; baina badaezpada, bere opilari su eman zion. «Beraiena bada, gehiago bisitatzea dute!» .
Portura paseoa baliatuta, udaletxeko sotoan dagoen Udal Agiritegira geldialdia egin nuen. Izaskun Goikoetxea artxibozainak ezustekoa hartu zuen laguntza eskatzean: «Zer nahi dute berreskuratu?». Jakina den moduan, agiritegiko dokumentu zaharrenak 1813koak dira, eta haiek ikertu zituen Txillardegik arestian aipatutako libururako. Bertan, erreferentziarik ez bada, ezer ez dagoelako dela uste du Goikoetxeak. «Historia liburuetan ez da agertzen, eta bestela, norbait etorriko zen hori ikustera». Historia liburuetan, ordea, ez da aipamenik. Azken saiakera uharteko ermitari buruz idatzi zuen Antxon Agirre Sorondo historialariarekin izan zen. Erantzuna dagoeneko asma dezake irakurleak: «Ez nuen honen berri».
Hau guzti jakinda, nork du arrazoia? Istorio xelebre guztiek nonbait dute iturburua, denborak gertakariak eraldatu, asmakuntzek osatu, eta uste berri bilakatzen baditu ere. Ezin daiteke erabat gezurtatu, frogak bi agiritegiak erre zituen su berak desagerraraziak izan zitezkeelako. Dena dela, bata ala bestea jabe izanik ere, Santa Klara, uharteaz gozatu nahi dutenena da. Eta horretarako, udara baino une hoberik ez da. Beraz, irakurle, eibartarren bat ikusten baduzu irlara begira, badakizu zergatia!
Igerilariak ministroari eskatuta
Santa Klara Uhartearen Adiskideen Elkartearen ahaleginari esker, irla udal ondasunen parte da 1970. urtetik
Santa Klara uhartea 1970eko urtarrilaren 28an sartu zen Donostiako udal ondasunetan, Espainiak emanda. Aurretik, Antxon Agirre Sorondok Gipuzkoako ermitak lanean jasotzen duenez, 1813ko abuztuan, hiria suntsitu zuen sute ezaguna baino egun batzuk lehenago tropa frantsesek irla hartu zuten. Handik urtebetera, berriz, San Batolomeko monasterioak berreskuratu zuen 1814an bere jabetza. Txillardegik Santa Klara, gure uharte ezezaguna liburuan jasotzen duenez, aldiz, moja agustindarrak ziren irlako ermita eta kaskoaren eremuaren jabe, Udala gainontzekoaren eskudun zen arren. Azken alogera «100 erreal kuarto» 1866an jaso bazuten ere, uhartea Espainiarena zen 1864. urtetik. Mende eskas igaro zen udal jabego bilakatzeko, eta erdiespena, Santa Klara Uhartearen Adiskideen Elkarteak egindako ahaleginaren emaitza izan zen.
1960ko hamarkadan, Jose Maria Iturrik Ondarreta eta irla bereizten dituzten 406 metroak igerian egin ohi zituen udaran. Bisitaldietako batean, ohikoa zen beste lagun batekin hizketan hasi zen. Gizon hura, Jose Luis Arrese garaiko Espainiako Etxebizitza ministroa zen. Lagun berriari uhartea Donostiari emateko eskatu zion Iturrik. Arresek gaia ikertu eta uztearen ingurukoak prestatu zituen. Hala, 1968ko urriaren 31ko Espainiako presidentziaren dekretu baten bidez, uhartea jaso zuen Donostiak.
Santa Klararen jabetzaz gain, irlaren egungo itxuraren arduradunak ere badira elkartekideak. Izan ere, beraiek lortu baitzituzten 32 metro koadroko azaleran dauden zerbitzu eta baliabideak bertan izatea: mahaiak, iturriko ura, argindarra, tabernak, dutxak… Eta oraindik ere, txoko horretaz arduratzen dira Udalari zaintza eta hobekuntzari buruzko aholkuak emanez.