Jaiak maite dituztelako
Udako oporrak eta jaiak haurren oso gustukoak izaten dira, gozatzeko aukera izaten baitute; Aste Nagusiko egitaraua ere txikienentzako ekimenez josia dago, eta hori oso ongi dakite beraiek.
Bulebarreko Bizikleta Festarekin bukatu dute haurrek gaurko egun gogorra. Izan ere, egunero bezala, era guztietako ekimenetan parte hartzeko aukera izan dute. Goizean goiz hasi da haurrentzako jaietako eskaintza, eta arratsaldera arte luzatu da. Hori bai, oraindik indarrez dagoenak, beste hainbat jarduera egiteko aukera izango du datozen egunetan ere. Jakina baita, etxeko txikiak ez direla berehalakoan nekatzen.
Bulebarreko kioskoaren ondoan, puzgarriak jarri dituzte 11:00etatik aurrera. Gurasoen laguntzarekin, ilara luzeak osatu dituzte haurrek, saltoka ibiltzeko txanda iritsi aurretik. Leku berean, aurpegiak margotzeko aukera ere izan dute txikiek, eta noski, ez diote aukerari alde egiten utzi: pinpilinpauxak, armiarma sareak… denetariko koloreak ikus zitezkeen umeen aurpegietan.
Bidean pixka bat aurrerago eginda ere, umeak ziren protagonistak. Kaian haurrentzako barrakak baitaude: Noria, talka autoak, zenzen gaineko rodeoa… pozik zebiltzan haurrak edonola ere. Hortik oso hurbil, Kaian Donostiako Piratek atondu duten La Flamenka gunean, Umeen Eguna ospatu dute. Gainera, kokagunearen aldaketaren ondorioz edo, iaz Trinitate plazan bildutakoa baino haur gehiago erakartzea lortu dute. Tailerren txanda izanik, bene-benetako piratak izateko beharrezko apaingarri eta osagarriak egin dituzte: Partxeak, pilotak, txapak, karetak… beharrrezkoa zenean, gurasoen laguntza eskatu dute, baina orokorrean nahiago izan dute bakarrik moldatu. Bulebarrean bezala, bertan ere aurpegiak margotuta ibili dira haurretako asko.
Kirola ere tartean
Bazkaltzeko tartetxoa hartu ostean, kirola egiteko tartea iritsi zaie txikiei. Urtero legez, 400 haur baino gehiago bildu ditu Gipuzkoako Txirrindularitza Elkarteak antolatutako Bizikleta Festak. Bulebarrean, 5 eta 10 urte arteko haurrak bizikleta gainean jarri dira, 300 metroko ibilbidea egiteko. Ekimenaren izenak berak dioen bezala, lehia baino festa denez, guztientzako sariak egon dira.
Bizikleta gogoko ez dutenek ere, izan dute kirola egiteko aukera. Izan ere, ordu berean, Fortunako Igor Otaegi maisuaren eskutik, esgriman aritzekoak ziren, Kursaal inguruan, besteak beste.
Bihar oraindik gehiago
Bihar, asteazkena, Donostiako Piratek Jolasen Eguna ospatuko dute, eta haurren txanda 12:00etan izango da. Egitarau ofizialean ere, egunero bezala, tartea izango dute haurrentzako ekitaldiek: esku pilota hastapen ikastaroak eta barrenea Trinitate plazan, puzgarriak Bulebarrean, ludoteka Vinuesa plazan, didgeridoo tailerra Kursaaleko Zurriola terrazan…. ez da harritzekoa jaiak haurren gustukoak izatea, badaukate non aukeratu eta.