Peñaflorida institutuaren eraikinaren itxura (Argazkia: Xabier Etxabe)
Azkenean bai. Atzerapen eta luzapen ugariren ondoren, Peñaflorida institutuaren eraikinak hurrengo egunetan bereak egingo duela ematen du. Lanei ekiteko ingurua hesitzen ari dira eta, obretako arduradunak jakinarazi duenez, irailean hasiko dira eraikina eraisten.
2010eko ekainean ibili ziren ikasleak azkenekoz eraikin zaharreko korridoreetatik gora eta behera. Harrez gero, hutsik eman ditu hilabeteak, eraisteko baimena noiz iritsiko zain. Bitarte horretan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak lanak hasteko hainbat data kaleratu zituen, makinak, halere, ez dira iraila arte iritsiko. Bien bitartean, amaratarrei eragozpenik ez eragiteko hesiak jartzen, kamioientzako sarbideak mugatzen eta argindarra eta gainerako materialaz hornitzen ari dira.
Obra arduradunak zehaztu bezala, hemezortzi hilabete izango ditu lanen ardura duen Moyua enpresak Bigarren Hezkuntzako institutu berria eraikitzeko. Honenbestez, 2013. urteko udaberrirako edo ikasturte amaierako egongo da eraikina altzariz betetzeko prest.
Peñafloridak gurutze forma izateari utzi eta itxura laukizuzena izango du. Beheko solairuaren gainetik beste hiru izango ditu. Behekoan, hain justu, liburutegia, irakasle gela eta administrazioko langileen bulegoak egongo dira. Horrekin batera, orain arte Peñafloridak izan ez duen jangela egokituko dute.
Lehenengo bi solairuak ikasleentzat izango dira. 32 ikasgela izango ditu, 800 bat ikaslerentzako lekua. Azkenekoan, berriz, tailerrak, musika, informatika eta beste hainbat jardueretarako gelak egongo dira. Eraikin nagusiaren ondoko beste eremu batean soinketa gela egongo da, bi solairutan banatuta.
Ikastetxe guztiek bezala, Peñaflorida berriak ere jolastokiak izango ditu, horietako bat, gainera, estalitakoa izango da euria egiten duenerako. Ekipamendu horiez guztiez gozatzeko, baina, beste bi ikasturte, alegia, 2013-2014 kurtsoa hastera itxaron beharko da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, denera, 6,7 milioi euroko aurrekontua bideratuko du institutu berria altxatzeko.