Sei ezberdintasun... eta gehiago
Aita Vinuesa plaza Aste Nagusiko Artisautza Azokaren egoitza izaten ari da aurten ere; itsasoaren ondoan erosketa egitea eta produktuen jatorri zein osatze prozesua ezagutzea ahalbidetzen du ekimenak.
Merkataritza gune irekia dirudi». Horixe adierazi dio lagun batek berarekin zegoen emakumeari Aita Vinuesa plazako artisauen postuak ikustean. Alderatzea ez zaie bereziki gustatzen bertan lanean ari direnei, beraien salgaiek eta salmenta gune handietakoek zerikusirik ez dutelako.
Aste Nagusiaren parte bilakatu da Artisautza Azoka. Antiguako Josuk dioenez, urtero gerturatzen da, «atzo kalean ikusi nuen Nafarroatik datorren saltzaileetako bat eta gaur pasatzea pentsatu nuen». Hain zuzen ere, hori baita udako artisautza feria honen abantailetako bat. Produktoreen eta erosleen arteko harreman zuzena areagotzea. Merkataritza gune handiekiko lehengo aldea.
Abuztuko eguraldi onak ematen du itsas bazterrean arropa, belarritakoak edota beste ehunka gauza erosteko aukera. Kantauritik datorren haizeak freskatzen laguntzen du bezeroen arteko tartea. Bigarren alde nabarmena.
Txina, India zein bestelako jatorri ugari eta urrunak izan ohi dituzte merkataritza gune handietako saltegiek. Gertuagokoak dira, ordea, Artisautza Azokakoak. Euskal Herrian egindakoak ez ezik, salmenten artean ere artisauek Kontxa aurrean bertan egindako beste batzuk daudelako. Ezbairik gabe beste ezberdintasun bat, hirugarrena.
Aste Nagusiko ikuskizuna ere bilakatzen da behin behineko merkatua. Askoren begiak erakartzen ditu, besteren artean, Irazu artisauak egurretik dortoka edota hamar kiloko perretxikoa bere tresnekin ateratzen duenean. Zaila izango da horrelakoak merkatal gune bateko korridorean horrelakorik ikustea. Laugarren diferentzia.
Ia hitzik behar ez duen aldea hizkuntzari dagokionez. Harria lantzen duen artisauak «Tambien hablamos castellano» dioen plaka erakusten du. Bosgarren aldea.
Aita Vinuesako denda mugikorren multzoak musika bateratuaren aldeko apustua egin du. Baina, hari musikala deritzon sistema baztertu eta zuzeneko musikaren aldeko jo dute. Bibolin eta gitarra kontzertuak entzun daitezke gune honetan. Seigarrena.
Jokoak zazpigarren diferentzia bilatzera behartuko irakurlea. Baina tokia mugatuta denez, norberak jarrai lezakeargazkiak eta merkatal guneen arteko zerrenda osatzen.