Merke eta ondo erosi nahi dutenentzat aproposak izaten dira bigarren eskuko azokak. Txomin Enea parkean larunbatero dute pagotxa aurkitzeko parada.
Bigarren eskuko azoketan bilduma kutunetarako osagaiak nahiz beharrezko gauzak merkeago erosteko aukera izaten da. Baina ez hori bakarrik. Askotan, hautsa pilatu besterik egiten ez duten trasteei bizitza nahiz erabilera itzultzeko bidea ere badira. Hirian horrelako asko ez da izaten, baina batzuk badira.
Udalak bideratu ohi duen Donostitrukek, esaterako, hilabeteko bigarren larunbatetan Easo plaza betetzen du. Bertako salgaien artean liburuak, musika, jostailuak… arropa ez den milaka kontu topa daitezke. Lau astean behin ere Intxaurrondon hitzordua dute zaharkinen zaleek. Hain zuzen ere, hilabeteko azken igande goizetan, halakoen salerosketa egiten baita Sagastieder plazan. Gai baten ingurukoa da, halaber, Londres edo Amara Plaza hoteletan urtean bitan egin ohi duten binilo eta disko azoka. Mota honetako azoka txikietan oparoena, ordea, larunbatero Txomin Enean egiten dutena da.
Ikusnahiak eta bildumagileak
1998ko urrian ekin zioten Asier Mendizabalek eta Saioa Aialak bildutako gauza zaharrak saltzeari. Ordutik, larunbatero izaten dira Txomin Eneko parkean, 11:00etatik 14:00eta bitartean. Beti ere, eguraldia lagun bada. Denetarik izaten dute mahai gainean. “Auzokideek edo beste edonork ekarritako eta oparitutako gauzak dira: liburuak, arropak, etxeko tresnak, jostailuak… edozer”, argitu du Mendizabalek. Auzotarren “edukiontzia” dira, eta hauek emandakoaren arabera eskaintzen dute. “Beti ez ditugu gauza berdinak, saltzean amaitu egiten baitira”.
Azoka irekia da, eta arduradunez gain, nahi dutenek sal dezake parkean. Mendizabalek gogoratu duenez, “azken asteetan Donostiako gazte bat izan da bere gauzak saltzen. Maiz etorri izan da norbait, baina ez dute gehiegi irauten. Guk bertan dugu biltegia, eta erraza egiten zaigu, baina besteek kotxearekin joan behar dute. Aste batzuk egoten dira, dutena saltzen dute eta ez gehiago ez datoz”.
Saltzaileak aldatu arren, erosle fidelen taldea osatzea lortu dutela uste du Mendizabalek. “Jende talde bat bada, beti etortzen dena, baita auzotarrak ere”. Hala ere, bestelakoak ere badira. “Hemendik denetariko jendea pasatzen da: Ikusnahiak, autobusetik ikusi eta etorritakoak, turistak, denbora pasa datozenak… Edo gauza zehatzen bila dabiltzanak: liburu edo zigilu bildumagileak, adibidez”. Urte asko daramaten arren, azokaren berri emateko kartelak jartzean lagun gehiago joaten direla nabaritu dute. “Oraindik ‘Ez nekien hemen zeundetela’ asko entzuten dut”.
Jaietako azoka berezia
Larunbateroko azoka ez da asteburu honetako bakarra izango. Izan ere, Txomin Eneko jaiak direla-eta, musika azoka egingo baitute etzi, 22:00etan hasita. Los Santos, The Convicts, Lobo Electrico, Iñigito eta Nokono DJen emanaldiak iraun artean. Bertan, musikarekin lotura duten kontuan saldu, erosi edo trukatuko dira. Antolatzaileek beren postua jartzeaz gain, diskoak, musika liburuak, edota taldeen arropa saldu nahi dutenentzat mahaiak jarriko dituzte. Larunbatean ere, jai giroa nagusi izango da, musika beltzaren inguruko gauan.