Stoner eta rock doinuekin hasiko da Mogamboko kontzertuen denboraldia
Udako atsedenaren ondoren, AEBetako Tweak Bird eta Donostiako Yemen-Ra taldeek joko dute ostiralean
Aurten inoiz baino lehenago hasiko da Mogamboko kontzertuen denboraldia; ostiralean. AEBetako Tweak Bird eta Donostiako Yemen-Ra taldeak izango dira bertan. Yemen-Ra Iñaki Castroren, Mantisa eta Trigger Traviseko bateria jotzailearen, proiektu berria da. Iron Batasunako gitarra jotzaile ohiarekin, Xabi Villenarekin, elkartu da abentura berrian: «Mogambon bertan ezagutu genuen elkar, duela sei urte inguru. Bartzelonara joan zen bizitzera, orain Donostiara itzuli da, eta azken aldian denbora asko eman dugu elkarrekin stoner eta psikodelia musika entzuten. Talde bat sortzea erabaki genuen».
Entseatzen hasi baino lehen bazekiten Tweak Bird etorriko zela Donostiara jotzera; haiekin jo nahi zuten: «Haien musikak badu antza guk egiten dugunarekin. Haiek ere bateria eta gitarrarekin osatutako taldea dira».
Tweak Bird Primavera Club jaialdian izan ziren iaz, eta arrakasta handia izan zuten: «Batez ere ahoz ahokoaren bidez izan du jendeak haien berri. Stoner eta rock estiloa da haiena, baina ukitu berezia ematen diote. Estilo honetan ahots lodi eta guturalak ohikoak dira; haiek, ordea, aurkakoa egiten dute, falsetoak egiten dituzte. Nik uste dut popa zein rocka gustuko dutenek gozatuko dutela kontzertu honetan».
Donostiarrak gogotsu daude zuzenean jotzeko:«Bi pertsona gara, baina ziur nago lau pertsonek baino zarata handiago egiten dugula. Indar handiko musika egingo dugu».
Zergatik hasi da ohi baino lehenago Mogamboko denboraldia? Hasieran kontzertua Bukowskin egitekoak ziren, «baina zuzenekoak egiteko arazoak direla-eta Mogambon egitea pentsatu genuen», azaldu du Castrok. «Irailaren erdialdean ireki behar zuten Mogambo, ohi bezala, baina Tweak Bird taldearen kontzertua bertan behera ez uzteko data aurreratzea erabaki genuen. Kontzertu interesgarria iruditzen zitzaigun». Taldearen aldeko apustua egin dutela eta harrera «oso ona» izan duela esan du musikariak: «Donostian ez ezik, Frantzian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon ere saldu ditugu sarrerak».
Udan sortutako taldea Hilabetean konposatutako abestiak joko dituzte: «Udan, denbora izan dugun momentuetan». Eta egunotan entseatzen aritu dira. Soinu garbiagoa lortzen saiatzen ari gara Mogambon, plaka batzuen bidez. Soinuari dagokionez Mogambok gabezia asko ditu, eta arazo horiek konpontzeko lanean ari gara».
Denbora laburrean prestatu dute kontzertua, eta iraupena ere halakoa izango da: «Hogei bat minutuko kontzertua egingo dugu. Hiru abesti ondu ditugu. Aurrerantzean lanean jarraituko dugu». Castro gustura dago stoner eta psikodelia doinuekin: «Nik askotariko musika taldeak entzuten ditut. Badut Mantisa eta Trigger Travisetik kanpo ere beste doinu berriak jotzeko grina. Lanpetuegi nabil, ordea. Baina Xabirekin erreza izan da zerbait sortzea, gainera bi pertsonekin errezagoa da». Castrok berak antolatu du biharko kontzertua, Red Ribbon Music promotorarekin lanean jarraitzen baitu.
Udazkenean lanez lepo ibiliko da gaztea. Mantisarekin bigarren diskoko abestiak konposatzen ari da; eta Trigger Travisekin grabatzen hasiko da. Eszenatokian ere izango da: Mantisarekin Dokan izango da urriaren 19an. EHUko kanpusean ere, azaroaren 24an.
Kontzertua. Tweak Bird eta Yemen-Ra. Non. Mogambon. Noiz. Etzi, ostirala, irailak 2. Ordua. 21:00etan.