Gorritik beltzera
Itxi dute Zubieta kaleko Leize Gorria, musikari poeta eta beste kulturgileen topalekua.
Azkeneko aldiz jaitsi dute pertsiana Zubieta kaleko Leize Gorrian. Taberna baino gehiago izan da gunea azkeneko bost urteotan: musikarien topaleku, poeten aterpea… kultur zuloa, azken batean. Itxierak tristetu arren «ametsak bete direla» uste du gune honen bultzatzaileetako bat izan den Julio Biurrun. Era berean, abizen bereko Martinek, seme-alabetako batek, zera dio: «Okerra izan arren, ‘beti arte’». Gorritik beltzera igaro da kobazulo honen kolorea.
Helburu zehatzarekin jaio zen proiektua da Leize Gorria; Donostian lur-azpiko kultura iraultza bultzatu nahi zuen, alegia. Julio Biurrunek dioenez, egin ere egin dute, «apaltasun osoz eta energia handiz». Horren erakusle dira astero-astero bertan gauzatu diren lauzpabost ekimenak.
Behetik jota, milatik gora kontzertu, poesia emanaldi edota hitzaldi izan dira Zubieta kalearen lurraren azpian, kobazulo gorrian. Aita penatzen duen beste kontu bat badago, «San Martin auzoa, hori delako inguru honen izena, horrelako guneren faltan geldituko delako nago etsituta».
Baina, den-dena ez da falta eta pena izango. «Egindako lagun andana geldituko zaigu, sentsibilitate handiko jendea; eta, batez ere, leialak, oso leialak». Kultur taberna ixtekoa zela zabaldu zenean, ugari izan ziren Interneteko sare sozialetan beraien atsekabea erakutsi zutenak. «Askok bere argazkia Leize Gorriaren logoarekin ordezkatu zuten», dio Biurrunek hunkituta.
Urtea amaitu baino lehen…
Ohiko komunikabide, Internet edota ahoz-ahokoaren bidez ohartarazita, lagun asko bildu ziren azkeneko festarako. Horixe baitzen Leize Gorriaren agurraren egunean sumatu zitekeen giroa. Tristea baina era berean jaiarena. Bost urteetan bertatik igarotako poeta, musikari edo bezero soilak elkartu ziren bertan. Iñaki bezeroak dioenez, «atsegina izan da hona etorri eta garagardo bat eskuan, profesionalak izan gabe, beraien abesti eta olerkiak partekatu nahi zituztenak entzutea, hutsunea faltan sentituko dugu».
Baina, Leize Gorria taberna itxita proiektuak jarraipena izango duen itxaropena dauka Julio Biurrunek. «Etena da hau, etena. Horrek esan nahi du oraindik ez garela hasi Leize Gorriak nola jarraituko duen pentsatzen». Hori esanda ere, kontutxo bat aurreratu dio Irutxuloko Hitzari, «Urtea amaitzeko Urrezko Puan jardun duten 30 gitarristekin egin nahi dugu ekimena». Beraz, zineman bezala beltza ez da amaiera, sekuentzien arteko kolorea baizik.