Ondarretako itsasertza, harriz beteta (Argazkia: Raul Perez)
Amaierarik ez duen istorioa dela dirudi Ondarretako harriena. Azken urteetan hondartza zaleen oinak zigortzen dituen aleak estaltzen hainbat neurri hartu badituzte ere, beti lortu dute harriek erantsitako hondarra gainetik kentzea. Arazo horrekin zer egin asmatzeko, Udal Gobernuak txosten teknikoa eskatu zuen udan, eta udal ordezkariek jakinarazi dutenez, «harriak kentzeko ideia baztertzea aholkatzen zuen, soluzio integral eta behin betikoa emateko gomendioa eginez». Izan ere, harriak ez dira besterik gabe hondar gainean agertzen, badiaren birgaitze eta itsas mareen zikloari daude lotuta.
Abuztuaren 26an, bada, Udalak eskatuta, Espainiako Gobernuko Landa eta Itsaso Inguruetako Ministerioak Kosta Zerbitzuaren bitartez beste azterketa bat egitea proposatu zuen. Era horretan, Kosta zerbitzuko teknikariek, egungo marea biziak aprobetxatuz, 23 lagin hartu zituzten atzo. Udalak datorren asterako emaitzak mahai gainean egotea espero du, arazoari amaiera emango dioten ondorioak atera ahal izateko.
Azterketa horren bitartez, hondarraren azpialdean zehazki zer dagoen, hondartzak zein sakonera daukan, harrien funtzioa zein den eta beste zenbait argibide jasoko dituzte. Udal Gobernuko ordezkariek aditzera eman dutenez, Udalak finantzatutako ikerketa da. «Kosta zerbitzuak dirurik ez zuela adierazi ondoren», Madrildik partidaren bat bideratu behar izanez gero, hainbat hilabete itxaron beharko liratekenez aurrea hartzea erabaki dute.