Proiektu politiko guztiak "askatasunez" garatzeko eskubidea eskatu dute
Espainiako Auzitegi Gorenak gaur aztertuko du gazte donostiarrek iazko urriko epaiari ezarritako helegitea.
Segiko kide izateagatik zigortuak izan ziren hamabost gazte donostiarretako batzuek beraien egoera salatu eta “epaiketa politikoen amaiera” eskatu zuten. Hainbat lagun eta senideekin batera, Gazte 1+ ez lelodun kamisetak soinean zituztela, auzipetuek prentsaurrekoa egin zuten elkarteen eskura dagoen udaletxeko prentsa aretoan. Denen izenean, Parte Zaharreko Oier Lorentek eta Nahikari Otaegi amaratarrak idatzi bat irakurri zuten.
Epaiketaren harira abian jarritako Gazte 1+ez kanpainaren baitan egindako gogoeta berriro adierazi zuten. Beraien aurkako epaiketa “errepresio eta eraso testuinguru orokor batean” kokatu zuten eta Espainiako Auzitegi Nazionalean gazte independentisten lana eragozteko “neurri bereziak” erabiltzen dituztela salatu zuten. Horien artean, proiektu politikoak eta lan politikoen “kriminalizazioa” eta jardun horretan dabiltzanen atxilotzea eta inkomunikazioa nabarmendu zituzten. Horren aurrean, proiektu politiko guztiak, “baita independentziaren aldekoak ere”, askatasunez garatzeko eskubidea eta epaiketa politikoak bertan behera uzteko exijitu zuten, beraien aurkakoa barne. Era berean, inkomunikazioa indargabetzea eskatu zuten, lan politikoa egiten duten lagunak atxilotu eta inkomunikatu egiten direla gogoratuz, “tortura eta tratu txarren bidez nork bere burua errudun adieraz dezan lortzeko asmoz”.
“Ona izateko arrazoirik ez”
2007an atxilotuak izan ziren Segiko kide izateagatik. ETAko kide izatea eta Donostian egindako hainbat kale borroka ekintzekin lotura izatea egozten diete. Epaiketa iazko ekainaren 29an hasi zen eta fiskaltzak 8 urteko zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat, baina iazko urrian Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela zigorra ezarri zien hemezortzi gazte donostiarretako hamabosti, eta Imanol Igal nahiz Breogan Fernandez absolbitu zituen. Ekaitz De Ibero, Peio Lamarka, Mikel Arretxe, Unai Perez, Egoi Alberdi, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, NahikariOtaegi, Urko Pikaza Beñat Apalategi, Igor Alvarez, Ekaitz Ezkerra, Asier Mariezkurrena eta Imanol Bizente auzipetuen defentsak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Hilabetetan itxaron ondoren, gaur aztertuko dute errekurtsoa. Emaitza txarra izatea espero dute. “Ona izateko arrazoirik ez dugu”, aipatu zuen Otaegik. “Bihartik –gaurtik– aurrera, zigortuta gauden hamabost lagunek edozein unetan atxilotzeko eta espetxeratzeko arriskua dugu. Bihar, etzi, astebete, hilabete barru…, abisatuta edo abisatu gabe, nahi dutenean etor daitezke”, ohartarazi zuen Lorentek. Mobilizazioak aurreikusi zituzten, baina ekintzak zehaztu gabe. Era berean, atxikimendua adierazi zieten epaiketa izatear diren gazte nafarrek urriaren 1ean Iruñean burutuko duten manifestazioari.

