Buruz-burukoan lehiatuko da Mikel Egiguren
Jai Alive eta Master Jai enpresetako puntista onenek parte hartuko dute, eta partida bat hirian jokatuko dute
Munduko Buruz Buruko Zesta Punta Txapelketa hasteko moduan dago. Puntistak prest baitaude eta dagoeneko egin baitute aurkezpena Durangon. Zehazki zortzi puntista lehiatuko dira, Jai-Alive-eko sei eta Master Jaieko bi. Tartean dago oraingoan ere, Mikel Egiguren donostiarra, Jai-Alive-eko puntista.
Zerrenda buruak iazko sailkapenaren arabera antolatu dituzte, eta dagoeneko egin dute lehen partidak erabakitzeko zozketa. Txapelketa iazko txapeldunak zabalduko du, Iñaki Osa Goikoetxeak, eta Erkiaga izango du aurkari, Gernikan, urriaren 3an (17:00). Egiguren II.ak Konparen aurka jokatuko du, Markinan, urriaren 8an (18:00). Hirugarren final laurdena, Lander eta Dukeren artekoa izango da, baina oraindik eguna eta tokia zehazteko daude.
Kanporaketetako irabazleak finalerdietara igaroko dira. Lehen finalerdia Donostiako Karmelo Baldan jokatuko dute, urriaren 12an (17:00). Bigarrena, berriz, Durangon izango da, urriaren 13an (18:00). Finala eta hirugarren eta laugarren postua ere Durangon jokatuko dituzte, urriaren 15ean, 18:00etan.