70eko gazteen ametsak egungoekin lotu ditu Dejabu antzerki konpainiak
Dejabu antzerki taldeak estreinatuko du larunbat eta igandean Lugaritz kultur etxeko antzerki denboraldi berria. Franco hil eta ondorengo urteetan girotutako antzezlana aurkeztuko dute Donostian. Gure bide galduak lanak baserri girotik hirira magisteritza ikasketak egitera doan neska baten gogoetak ditu ardatz.
Garai nahasiak dira: langileen protestak, egoera politiko berria… Protagonistak, Kattalinek, ikastolen mugimendua ezagutuko du, eta haren bidez mundu berri bat deskubrituko du: lagun berriak, maitasuna, borroka, ideologiak… «Hezkuntzan lan egiten zuen jendeak amets berriak zituen; Garai hartan dena zen posible, iraultzetan amestea barne, horregatik hartu dugu pedagogiaren gaia, sinbolo gisa. Gizartea aldatzeko prest zegoen; langile mugimendua ere, eta baita politikan murgilduta zeudenak ere. Kalean bizi zen giroa islatu nahi izan dugu», adierazi du Urko Redondo Dejabu konpainiako kide eta antzezleak.
«Txikitan ikusitakoa jaso dugu, gure gurasoengan ikusitakoa. Aldaketaren nahia islatu nahi genuen. Osagai horiekin ipuin bat sortu, eta hainbat pertsonaien bizipenak jaso ditugu», jarraitu du. Benito Lertxundiren abesti baten izena jarri diote antzezlanari: «Obra prestatzen hasi ginenean urte haietako disko eta kantak entzun genituen, Benitorenak tartean. Haren hitzetan bikain islatzen dira gure sentipenak».
Bi antzezle donostiarrek parte hartu dute obra honetan: Iñigo Aranbarrik eta Maria Alonsok. Errenteria-Oreretako Miren Alkala, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga aktoreak ere izango dira taula gainean. Ikuskizunak, gainera, zuzeneko musika izango du. Donostiako Arantxa Vicedo gitarrista eta abeslaria ere izango da taula gainean.
‘Gure bide galduak’ lan korala dela azaldu dute konpainiako kideek: «Garai hartako kolektibo lana ere erakutsi behar genuen. Hasieran drama eta tragediarako joera izan genuen, baina umorea eta komikotasuna ere aurkitu ditugu. Garai haiek ere halakoak baitziren; ilusioak eta desilusioak nahasten ziren. Errealitatea ere halakoa zen». Garai haiek bizi ez badituzte ere, bilakaera ikusi dute, eta hori dena oholtza gainean jarri dute antzezleek: «Eta mugimendu horren bilakaera baino, jendeak ondoren bizitako desilusioa. Finean, antzerkiaren bidez garai haren interpretazio bat egin dugu. Nolabait, egungo gazteek 70eko gazte ameslariei egindako omenaldia da».
Lan egiteko prozesuan ilusioz betetako garai haiek oso gertutik sentitu dituztela aitortu dute: «Amestea eta desenkantuan erortzea denok sentitu dugu. Egun antzezlan bat sortzeko ere ameslaria izan behar duzu. Eta indarra eta kemena behar dira, eta lan taldean lan egiten jakin. Egun ere amets egiteko beharra dugu».
Ainara Gurrutxagak jokatzen du Kattalin protagonistaren papera. Baita Manuel pertsonaiarena ere; paper fabrikan lan egiten duen galiziar etorkinarena, hain zuzen. Urko Redondok, berriz, Kattalinen osaba Pedro eta Luis Mari irakaslearen larruan sartu da. Maria Alonsok eta Miren Alkortak ere bi irakasleren papera jokatu dute. Eta Iñigo Aranbarrik erbestean bizi izandako gazte baten interpretazioa egingo du. Garaiak aldatuta herrira itzuliko da gauzak aldatuko diren esperantzarekin. «Era berean guztiok koro bat osatzen dugu, istorioan zehar ipuin kontalari bihurtzen gara», gaineratu du Redondok.
‘Errautsak’ antzezlanari esker ezagutu dute antzerkizale askok Dejabu konpainia. Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain taldeekin elkarlanean sortutako antzezlana da. Ander Lipusek eta Urko Redondok Donostia Antzerki Saria eskuratu zuten joan den martxoan lan honi esker; hain zuzen, iaz Donostian taularatutako euskarazko antzezlan onenaren saria. Epaimahaiak lan «berritzailea, lotsagabea, ausarta eta komunikatzeko gaitasun handikoa» dela nabarmendu zuen. Errenteria-Oreretan aurre estrainaldia egin ondoren, Dejabuk Donostian taularatuko du lehen aldiz ‘Gure bide galduak’.
Noiz. Urriaren 8an, 20:00etan; eta urriaren 9an, 19:00etan. Non. Lugaritz kultur etxean. Sarrera. 10 euro.