Bisitari kopuruak %10,8 egin du gora udan
Ekaina eta iraila bitartean hiriko kaleetan ikus zitekeen turista andanak Donostia Turismok bildu dituen datuetan du isla.Bulegoetara 189.908 lagun hurbildu dira, iaz baino %10,8 gehiago. Abuztuan etorri da turista gehien; 81.146, denera. Uztailean izan da, ordea, hazkunderik handiena; iazkoarekin alderatuz, %16 hazi delako bisitari kopurua.
Jende gehiagoren etorrerak produktu turistiko gehiagoren salmenta eragin du. Garraio publikorako sarbidea eta beste hainbat zerbitzuetarako beherapen eta abantailak eskaintzen dituen San Sebastian Card txartelaren salmenta %30 hazi da. 1753 txartel saldu dira. Turista gehiagok egin du, halaber, bisita gidatuen hautua. Oro har, 2.300 bisita izan dira saldutakoak eta %10 handitu da eskaria. Donostiako Zaporeak izenekoak, hala nola, %25 egin zuen gora uztailean. Zinemaren magian barneratzea helburu duten bisita gidatuak 43tik 83ra igaro ziren irailean.