"Hitzaldi hauekin euskara bihotzetik burura pasatzea lortu nahi dugu"
Plazara Goaz elkartea 1998an eratu zuten Intxaurrondon bizi ziren hainbat euskaldunek. Euskara erabiltzeko esparru edo aukera gutxi zegoela ohartuta, hainbat egitasmo martxan jartzeko asmoak elkartu zituen. Euskaldunak elkartu eta sareak osatzeko asmoz, XXI. mendeko euskaldunak hitzaldi sorta prestatu dutela azaldu du Mikel Urdangarin (Eibar, 1965) elkarteko kideak. Lehen hitzaldia, Bagerako Aitziber Gurutzeagak eta Dani Goñik emango dute, Ipar Haizea auzo elkartean.
Zein da euskararen egoera Intxaurrondon?
Auzoan 15.500 bat lagun bizi gara, eta gehienak euskadunak edo erdi euskaldunak gara; hirutik bik elkarrizketa arrunta ulertzeko gaitasuna badugu. Auzoaren zati bat berria da, eta jendeak ez du elkar horrenbeste ezagutzen. Elkar ezezagutza horretan euskal hiztunok, askotan, gaztelaniara jotzen dugu ez dakigulako parekoak euskaraz badakien ala ez.
Zergatik erabaki zenuten hitzaldi sorta antolatzea?
Topagunearen hausnarketak ikusi, eta gurera egokitzea pentsatu genuen. Euskal hiztunen aldeko lana egitea, auzoan egiten diren ekimenetan euskara sustatzeaz gain, gure egitasmoak ere gauzatuz. Auzoan gu bezalako jende gehiago ere badagoela uste dugu; elkar ezagutu eta sareak osatu nahi ditugu, ondo pasatuz, modu atseginean.
Zein da ekimen honen helburua?
Hitzaldi hauekin lortu nahi duguna euskara bihotzetik burura pasatzea da. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko sentimendua denok dugu; baina burura ekarri behar dugu, eta kontuan izan erosketa egitean, aisialdian, haurrak eskolan matrikulatzean… Horrekin batera, hizkuntza ekologia ere ekarri behar dugu burura. Giza aniztasuna, animaliena edo landareena bezain garrantzitsua dela ohartu behar gara; eta gure aniztasuna kulturetan eta hizkuntzetan datza. Horretarako gure burua janztea garrantzitsua da, besteen esperientziatik ikastea.
Zein gairi erreparatuko diozue?
XXI. mendeko euskalduna prestatzeko aukera interesagarri batzuk ditugu, zer pentsatu ekarriko dutenak: merkatuan dauden produktuak ezagutzea, liburuak, software aldeko aukerak…. Hitzaldiekin informatu egin nahi dugu. Bada ezagutza bat askori ezezaguna zaiona. Euskaldun bati euskara hizkuntza handi, txiki ala ertaina den galdetuz gero, txikia dela esango luke; baina munduko 6.000tik gora hizkuntzekin alderatuta, ertaina da. Interneten, esaterako, 38. hizkuntza da. Jendeak hori ez daki.
Euskaraz nahiago, eskerrik asko kanpaina ere abian duzue.
Hausnarketan ikusi genuen askotan ez dugula euskaraz hitz egitea lortzen, eskatu ere ez dugulako egiten. Elkarren nahien berri izanez gero, erabiltzeko aukera gehiago izango dugu. Leloa duten kamisetak egin ditugu, hauekin bestea gonbidatzen dugu gure nahia kontuan izatera. Nire nahiak ez du bestearenaren kontrajarria izan behar. Kasu askotan nahikoa da besteak ni ulertzea, ez dut behar besteak niri euskaraz egitea. Horrekin batera, euskarazko film, ikastaro… eskaintza ere ezagutarazten dugu, dagoena nabarmenduz.