Jai herrikoien aldeko asteburua egingo dute bihartik aurrera Amara Berrin
Ia hamarkada geroago jaiak “normaltasunez” egin ahalko dituztela dio Amarako Berriko Jai Batzordeak.
Oztopoz, debekuz eta zailtasunez betetako zortzi urteko ibilbideari agur esango dio Amara Berriko Jai Batzordeak asteburuan. 80 hamarka erdialdean ekin zioten jaiak antolatzeari, 2003an aurreko Udalarekin gatazka piztu zen arte. “2002. urtean jai batzordeak ezin izan zituen jaiak egin; Udalari idatzi eta diru laguntza itzuli zion. Handik bi urtetara, ordea, Udalak esan zigun urte batean jairik izan ez zenez, eta Amara Berrik jada bi jai batzorde zituenez, bat gehiago soberan zela”, argitu du jai batzordeko Garazik. Ordutik aurrera, debekuak areagotzen joan ziren, eta azken urteetan bazkaria egiteko baimena ere ez zieten eman. Hala ere, oztopoek eta isunek ez zituzten jaiak desagerrarazi. Izena aldatu eta jai herrikoien aldeko asteburua bilakatu zituzten, beraien aldarrikapena agerian utziz. “Argi genuen egin behar zirela.Jaietan sinesten dugu eta modu xumean aurrera jarraitu dugu. Jai herrikoien alde gaude eta aitzakia merke batengatik ez dira urtetan egindako jaiak bertan behera geldituko”. Asteburuan, jaiak bere onera itzuliko dira. “2003tik lehen aldia da aurten gauzak normaltasunez, beste edozein jai batzordek egiten duen moduan, egiten utziko digutela”. Jai batzordeko kidearen hitzetan, Udal berriaren izaerak zeresan handia izan du jarrera aldaketan. “Aurreko Udalarekin bilera ezinezkoa zen, ateak ixten zizkiguten. Oraingoak, aldiz, parte hartzea bultzatu nahi duenez, borondatea erakutsi du. Harremanetan egon gara beraiekin, eta adostasunera iritsi gara. Borondate ona dugula eta jaiak egin baino ez dugula nahi ikusi dute”. Hala ere, jaiek ez dute izaera aldarrikatzailea galduko. “Oztopo asko izan ditugu, eta hemen bagaude, ez da lagundu digutelako, benetan sinesten dugulako, baizik”. Berreskuratutako normaltasunari esker, Olaeta plaza gune nagusi izango duten jaietan jende gehiagok parte hartzea espero dute.