9.601 donostiar lan bila dabiltza
Apirilean hasitako joera baikorra bukatu, eta irailean, 125 lagun gehitu zaizkie hiriko langabeei.
AUZOZ AUZO
Iraileko langabeziaren datuak Estatuan biltzen hasi zirenetik hilabete horretan jasotako txarrenak izan dira. Joera horri jarraitu arren, Gipuzkoa da Hego Euskal Herrian gutxien hazi den herrialdea. %0,40 gora egin du langabe kopuruak, hau da, 161 lagun gehiago daude lanpostu faltan; eta orotara, 40.243 gipuzkoar langabe daude. Hein batean eutsi badio ere, iazko iraileko datuekin alderatuta, baikor izateko arrazoirik ez da. Ordutik hona, 1.244 lagun lanik gabe gelditu dira, hau da, %3,44 egin du gora langabeziak azken hamabi hilabeteetan.
Enplegu Zerbitzu Publikoak –INEM ohia– joan den astean ezagutzera emandako datuen arabera, Donostian ere langabeziak norabide berria hartu du. Azken lau hilabetetako joera baikorra apurtu egin da, eta irailean, 125 lagun lanik gabe gelditu da. Lanbideren zerrendetan, beraz, 9.601 lagun zenbatu zituzten urriaren 1ean ; hau da, hiriko biztanleria aktiboaren %10. 2010eko irailarekin alderatuta, egoerak ez du hobera egin. Orduan, baino 247 donostiar langabe gehiago dago, eta % 2,6 hazi da hiriko langabezia. 2009ko datuei erreparatuta, ordea, igoera %11,80koa da. Urte hartako urria hasieran, 8.587 langabe zeuden, egun baino 1.014 gutxiago.
Iraileko zenbaketa txarra izen den arren, aurtengo okerrenetik urruti dago. Udako lan kontratuen amaierak oraindik zer ekarriko duen ikusteko dago, baina zaila dirudi datozen hiri hilabeteetan, apirilean zenbatutako 10.418 langabeak gainditzea. Are gehiago, Eguberri inguruan hobera egin ohi duelako, denboraldiko lanei esker.
Gizonak kaltetuen
Datuak sektoreka begiratuz gero, azken hilabeteetako beherakadek guztiei eragin dieten moduan, norabide aldaketa ere guztietan gertatu da. Sektore guztietan lan bila dabiltzanen kopurua handitu egin da. Ohikoa den bezala, igoera nabarmenena zerbitzuen alorrean izan da. Hiriko 125 langabe berrietatik, 59k hirugarren sektorean lan egin nahi du . Jarraian, aktibitaterik gabeko alorrean –lan generikoak egiten dituzten prestakuntzarik gabeko pertsonek osatua– aritu nahi dutenak; hauei, 34 donostiar gehiago batu zaizkie. Eraikuntzan, lehen sektorean eta industrian, aldiz, 20, 7 eta 5 langabe gehiago daude, hurrenez hurren. Urria hasieran, beraz, sektore bakoitzeko langabe kopurua ondokoa zen: Zerbitzuetan, 7.111; industrian, 978; eraikuntzan, 795; aktibitaterik gabeko alorrean, 619; eta lehen sektorean, 98.
Zenbakien atzean dauden lagunen profilari dagokionez, azken asteetan gizonezkoak izan dira krisia gehien pairatu dutenak. Izan ere, 132 gizonezko lanik gabe gelditu baitira. Emakumezkoek, berriz, eutsi egin diote datu positiboei, eta 7 lagunek lana aurkitu dute. Datu orokorrei dagokionez, zenbatekoetan gorabeherak izan arren, ehunekoek antzera jarraitzen dute: 5.150 emakumezko (%53,64), 4.451 gizonezkoren (%46,36) aldean.
Adin tarteei erreparatuta. aldiz, 25 urtetik beherakoak izan dira, 45 urtetik gorakoekin batera, nagusiki lanik gabe gelditu direnak: 61 eta 51 lagun, hurrenez hurren. Biztanleria aktiboaren –lan egiteko prest dauden 16 urtetik gorako herritarrak– gehiengoa biltzen duen 25 eta 45 urte bitartekoen multzoan, aldiz, 13 langabe berri baino ez daude.
Auzoz auzoko datuak aztertuta, ondoko taulan ikus daitekeenez, Amara Berrin, Egian eta Miramon-Aieten izan ezik, gainontzeko auzoetan gora egin du lan bila dabiltzanen kopuruak. Hauen artean, nabarmentzekoa da Altzan, Intxaurrondon, eta Amara Osinaga-Loiola-Martutenen 73, 46 eta 30 lagun gehiago batu zaizkiola zerrenda beltzari.
- Altza. 1.485 (1.412 2011ko abuztuaren 31n)
- Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo. 1.134 (1.127)
- Amara Berri. 1.087 (1.127)
- Intxaurrondo. 1.014 (968)
- Egia. 820 (823)
- Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 728 (698)
- Gros. 703 (698)
- Miramon-Aiete. 680 (693)
- Erdialdea-Amara Zaharra. 635 (623)
- Bidebieta. 517 (498)
- Ategorrieta-Ulia 467 (450)
- Parte Zaharra. 283(272)