Emakundek ‘Beldur Barik’ programa aurkeztuko du Irakasle Eskolan
Honen barruan, ‘Beldur Barik Jarrera’ lehiaketa abian jarri dute, berdintasunaren aldeko jokaerak sustatzeko.
Gazteen artean indarkeria sexistari aurre egitea helburu duen Beldur Barik kanpaina aurkeztuko du gaur Emakundek EHUko Irakasle Eskolan egingo duen saioan. Honen helburua eraso sexistarik gabeko gizartea eraikitzeko sentsibilizaziorako eta eztabaidarako gunea sortzea da. Era berean, bigarren urtez antolatu duten Beldur Barrik Jarrera lehiaketaren berri emango dute. Gazteek desberdintasun egoerari nola aurre egiten dioten erakusten duten lanak sarituko dituzte; berdintasuna, errespetua, askatasuna eta autonomiaren aldeko eta indarkeriaren kontrako jokabideak islatuz.
Edozein euskarritako lanak izan daitezke: argazkiak, musika, dantza, bideoak… Hauek azaroaren 11 baino lehen bidali behar dira jarrera@beldurbarik.org helbidera. Partaideak bi kategoriatan banatuko dituzte, bata 12 eta 17 urte artekoena, eta bestea, 18 eta 26 urte artekoena. Sail bakoitzeko irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du. Halaber, parte hartzen duten lan guztiak http://www.beldurbarik.org webgunean ikusgai izango dira, eta bozka gehien jasotzen dituenak 300 euro irabaziko ditu.
Programa EUDELek, Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzak eta Gipuzkoa, Bizkaia nahiz Arabako Foru Aldundiek bultzatuta, eta EITBk, EHUk eta Hezkuntza sailak lagunduta martxan jarri du Emakundek eta 10:30ean aurkeztuko dute.