Parte Zaharreko Gazte Asanbladari lokal bat emango dioten susmoa du EAJk
Eneko Goiak bozeramaileak ez du sinpatia kontuagatik “norbaitek bidezidorra erabiltzea” ulertzen
EAJk gazteentzako politikak osatzeko plan bat gauzatzeko eskaera egin du. Plan horren helburu nagusietako bat «gazteriaren instrumentalizazio politikoa» ekiditea izan behar duela nabarmendu du Eneko Goia bozeramaileak.
Instrumentalizazioaren zantzurik sumatzen ote duen galdetuta, Parte Zaharreko Uxotegi gaztetxeko gaiari heldu dio Goiak. Parte Zaharreko Gazte Asanbladak okupatutako eraikinaren aferaren baitan, «idatzita dagoen gidoia» dagoela esan du. Auziak Udal Gobernuak gazte taldeari emango dion lokal publikoan izango duela amaiera iradoki du bozeramaileak.
Ordezkari jeltzalearen iritziz, gazte asanbladako kideek, hiriko beste hainbat elkartek bezala, lokala eskuratzeko itxaron zerrendan egon beharko lukete. EAJko zinegotziak ez du «sinpatia kontuengatik norbaitek bidezidorra erabiltzea» ulertzen. Are gehiago, gainontzeko elkarteekiko «errespetu falta» irudirtzen zaiola adierazi du. Sos Bebes Robados elkartea lokal eske udaletxera hurbildu zenean, Udal Gobernuko ordezkariek «eskaera zerrenda oso luzea zela» erantzun zietela dio jeltzaleak. «Hainbat elkartek lokala partekatzearen beharra» proposatu zutela gaineratu du Goiak.