Udal zuntz optikoak hamar kilometro luze izango ditu urte amaieran
Udalak garraio publikoa edota ur eta saneamendu sarea kudeatzen duen moduan, telekomunikazio sisteman murgiltzeko pausoak ematen ari da. Hala, Sustapen Elkarteak Ikerbasque Fundazioarekin egin duen hitzarmenaren bitartez, zuntz optikoa gune publiko eta unibertsitate eta ikerketa arloarekin lotura duten eremuetara heltzeko urrats berriak emango dituzte.
Maiatzean, Sustapen Elkarteak Vodafone eta Ibercom enpresekin sinatutako hitzarmenaren bidez, Egia, Antigua eta Erdigunera ari dira zuntz optikoa zabaltzen. Kursaalera, esaterako, heldu da jada. Irailean, Atom by Atom Nanozientziaren eta Nanoteknologiaren nazioarteko biltzarra antolatu zuten eta bertan parte hartu zutenek kalitate oso altuko konexioaz gozatu ahal izan zuten.
Urte amaieran herritar gehiagok izango dute sarean azkarrago murgildu eta edukiak denbora gutxiagoan bidaltzeko aukera; Miramar jauregira, Ibaetako campusera, Mirakontxako Adimenaren Etxera eta Koldo Mitxelenara iritsiko baita zuntz optikoa. Denera, hamar kilometro luze hartuko ditu sareak.