Marrazoek ere bere astea dute
Animalia espezie hauen egoeraren berri emateko eta desagertzeko arriskuari aurre egiteko, sinadura bilketa antolatu dute Aquariumek eta Marrazoen Astea 2011 antolatzen duten beste erakundeek.
Kulturak, gastronomiak, kirolak, gaixotasunek… hainbat ekimen, jarduera eta subjektuk bere astea daukate, baita marrazoek ere, eta horri atzo eman zion hasiera Donostiako Aquariumek. Izen horren pean biltzen diren arrain espezien arazoak zeintzuk diren ezagutzera eman, eta hainbat irtenbide proposatu nahi dituzte antolatzaileek. Horretarako, datozen egunetan gauzatuko diren egitarau zabala, sinadura bilketa eta bideo lehiaketa prestatu dituzte.
Urtero legez, Donostiako Aquarium, Iberiako Zoo eta Akuario Elkarteak eta Shark Alliance daude Marrazoen Astearen atzean. Espezie hauen egoera zein den ezagutzera ematea da elkarte horien helburua.
Izan ere, animalia mota hauen %30 eta %40 artean desagertzeko arriskuan baitago. Nahiz eta aurten babesturiko hainbat espezie animalien zerrendan sartu dituzten, asko dira kanpoan gelditu direnak, ekimen honen arduradunek barruan beharko luketela uste badute ere.
Finning edo hegal moztea da marrazoak arriskuan egoteko arrazoietako bat. Arrain hauen tarterik preziatuena da apendizea, eta arrantzaleek hori moztu ondoren hildako animalia itsasora botatzen dutela salatu dute ekimenaren bultzatzaileek. Hori dela-eta, jarduera hori debekatzeko sinadura bilketa egiten ari dira urriaren 30a arte.
Nahi duenak sina dezake Aquariumeko leihatilan, horretarako barrura sartzeko beharrik ez baitago. Eskaera sinatzen lehenetakoa izan da Edurne Pasaban mendizalea, bilketa egiteko arrazoiari babesa emanez.
Dokumentalak eta lehiaketa
Baina Aquariumek, sinadura eskatzea ez ezik, gauzak eman ere emango ditu Marrazoen Astearen harira. Hain zuzen ere, gaur, 18:00etan, eta bihar, 12:00etan, doako sarrera izango duten dokumentalen emanaldiak izango baitira Kaiko natur museo honetan. Bestalde, Aquariumeko didaktika taldeak datozen bi larunbatetarako tailer bereziak antolatu ditu.
Era berean, bideo lehiaketa antolatu du Aquariumek. www.facebook.com/aquarium.Donostia.SanSebastian internet helbideak oinarri osoak ikus badaitezkeen arren, bideoak bidaltzeko epea hilaren 26ean bukatzen dela, eta saria zein den aurreratu dute arduradunek.
Azaroaren 7an ezagutzera emango duten lehiakideak Aquariumeko 35 arrain espezie eta bi zezen marrazoen artean urperaketa egiteko aukera irabaziko du.
1mgoni@hitza.info