PSE-EEk errenta txikienei higiezinen zerga merkatu nahi die
Hurrengo urteko tasa eta zergen zenbatekoa zehazterakoan, herritar guztiei, bereizketarik egin gabe, eragiten dieten neurri orokorrak hartzen izaten da ohikoena. Tasa eta zerga ordaintzaile horien atzean, ordea, herritarrak, egoera ekonomiko desberdinei aurre egiten dien gizon-emakumeak, daudela zehaztu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak.
Hori dela-eta, herritar bakoitzaren ordaintzeko ahalmenari egokitu dakiokeen higiezinen gaineko zerga eratzea proposatu dute. Hilean, 1.200 eurotik beherako soldata duten herritarrei, hain justu, higiezinen zergan %20ko beherapena ezartzea planteatu dute. «Gutxien dutenak saritzea da helburua, ez baita bidezkoa herritar guztiei igoera bera ezartzea», dio Gascok. Neurri horrek, bada, bakarrik bizi diren gazte, adineko edota lan egonkorrik ez dutenei mesede egin dakiekela nabarmendu du bozeramaileak.
Sari horiek finkatzeko araudia aldatu beharko denez, udal izapideak bukatzerako, neurria 2013an jarriko litzatekeela indarrean adierazi dute. PSE-EEk, hortaz, emendakina aurkeztu du 2013ari begira, Udal Gobernuak bere konpromisoa ager dezan. Era horretan, Bilduko kideak proposamen horrekin bat egiteko prest baleude, Udal Gobernuak 2012rako finkatu duen %5eko igoera babesteko prest leudeke sozialistak.
Gascok aditzera eman duenez, beste hainbat prezio publikok ere eskaintzen dituzte beherapenak. Garraio publikoa ordaintzerakoan edota Kirol Txartelean erretiratuek eta gizarte laguntzak jasotzen dituztenei prezio txikiagoak eskaintzen dizkiete.
Autobusera sartzeko txartel arrunta baino kopuru txikiagoa ordaintzen duten herritarrak, hain justu, 13.000-15.000 artean izan daitezkeela jakinarazi du hainbat urtez Donostiabuseko arduradun politikoa izandakoak.
