'Ate joka' komedia arin eta entretenigarria dakar Txalo konpainiak
Sara Cozar, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga aktoreek jokatzen dituzte pertsonaia nagusiak
Gene Sacks-en The Odd Couple (1968) film ezagunaren bertsioa da Ate joka. Ritxi Lizartza donostiarrak itzuli eta egokitu du euskaraz. Duela bi urte aurkeztu zuen Txalo konpainiak lagunen arteko elkarbizitza ardatz duen obra komikoa. Astebukaera honetan itzuliko dira berriz ere Antzoki Zaharrera. Goenkale telesailean elkar ezagutu zuten hiru aktorek jokatuko dituzte pertsonaia nagusiak: Sara Cozar, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga izango dira taula gainean.
Bikoteen arteko elkarbizitza ez da sekula erraza izan; eta lagunen artekoa? Txema (Iker Galartza) gizon dibortziatua. Bakarrik bizi da eta askotariko bizioak ditu. Bere lagunik onena, Ander, maniatiko eta histeriko hutsa da (Joseba Usabiaga). Bi lagunen arteko elkarbizitza «txikikeriaz txikikeria» hondatzen hasiko da. Bien arteko harremanak hondoa joko du Sara Cizar aktoreak interpretatzen dituen bi pertsonaiak istorioan sartzen direnean: Itxuraz oso lasaia eta hippya den neska bat, batetik; eta emakume argentinar alai eta sentsuala, bestetik.
Zineman Jack Lemmon eta Walter Matthau aktoreek interpretatutako istorio hartan bezala, egoera barregarriak tristeak zein mingarriak sortuko dira antzezlanean.
