Zaleek badute euren iritzia
Jaitsiera postuetan dagoen Racingekin berdinduta dago Reala, zortzi punturekin; azken sei jardunaldietan ez du garaipenik lortu, eta realzaleak burumakur dabiltza.
Zubia aprobetxatuz, bat baino gehiago izan ziren atzo Realaren Anoetako denda ofizialera bisita egitea erabaki zutenak. Tantaka izan arren, zale bat baino gehiago sartu ziren dendara, eta gehienak, gainera, erosketaren bat eginda irten ziren, poltsa eskuetan zutela. Inguru horretan zebiltzan realzale batzuekin taldearen egoeraz mintzatzeko aukera izan zuen Irutxuloko Hitzak. Gehienek errua entrenatzailearen planteamenduari bota zioten, baina irtenbidea bilatzeko garaian, ez zeukaten oso argi zer egin. Hala ere, sufritzera ohituak daudela dirudi.
Daniel Sisok ongi baino hobeto ezagutzen du futbol mundua, gaztea den arren, epailea baita. Taldea nahiko pattal ikusten du, eta emaitza hobeak lortzeko baditu ideiak. «Taldea makal ikusten dut, baina ea hurrengo partida irabazten dugun. Errua denena dela uste dut; bai jokalariena, baita entrenatzailearena ere», dio Sisok. Hau da bere proposamena: «Hamaikako finko bat osatzea, eta jokalariek zelaian bihotza utz dezatela». Amarako Jose Antoniok urte asko eman zituen Realeko bazkide izaten, baina, estadioan gehiegi sufritzen zuenez, baja ematea erabaki zuen aspaldi. Orain taldea gutxi jarraitzen duela dio, baina, futbolzalea izaki, badu bere iritzia. «Futbola izugarri gustatzen zait, baina urteak dira ikusteari utzi niola, gaizki pasatzen bainuen! Bartzelona ikustea bakarrik gustatzen zait, eta, hortik aurrera, gutxi…», dio Amarakoak. Hala ere, hiriko taldea jarraitzen duela nabari zaio: «Realak Real Madrilen aurka jokatutako partida zertxobait ikusi nuen; eta jokalariak bigarren zatian ongi aritu zirela iruditu zitzaidan. Horien aurrean ezer gutxi egin liteke!». Edonola, ez dago ados Philippe Montanierren lanarekin. «Ez dut uste entrenatzailea ongi ari denik; Joseba Llorentek, adibidez, ez dakit zergatik ez duen jokatzen, halako aurrelari gutxi daude! korrika egiten du, borrokatu eta golak sartu, eta oso aukera gutxi izan ditu».
Eibarreko aholkularia
Jose Antonio Albizu eibartarra da. Gipuzkoarra izan arren, bereziki Athleticzalea dela onartzen du, baina, Reala ere maite duenez, ez du gogoko taldea oraingo egoeran ikustea. «Taldea urduri dago, jokoan igartzen zaie. Aurten Realarentzako denboraldi ona izango zela uste nuen, baina azken partidetan beheraldian ikusten dut», dio eibartarrak. Montanierrekin bere zalantzak badituela ere onartu du. «Hasieran, ongi ari zirenean, entrenatzaileak bere meritua izango zuen, baina ez handia, eta orain ere ez da berea izango erru guztia; jokalariek batzuetan erantzuten dute, eta beste batzuetan ez». Irtenbideari begira, ez du uste aldaketa handiegirik egin behar dutenik. «Dena hankazgora jarrita ez dute hobetuko. Jokalariei konfiantza eta jarraikortasuna eman behar zaie, eta ahotik gibela bota arte aritu behar dira!».
Aitor Etxebeste Anoetara joaten da Realaren partida guztiak ikustera; azkenaldian, ordea, giroa ez dela batere ona onartu du. «Galduta daude, batez ere entrenatzailea, ez baititu jokalariak behar duten tokian kokatzen». Entrenatzaileaz gain, lan faltari botatzen dio errendimendu faltaren errua. «Ez dakit entrenatzailea aldatu behar den, baina bertako estiloaren berri eman behar lioke norbaitek. Larunbatean jarri zuen hamaikakoa, adibidez, ez zitzaidan batere gustatu, eta taldea bera ere beldurtuta atera zela uste dut».
Nagore Lazkano realzalea da, baina nazkatua dago beti taldearekin sufritzen aritu beharraz. «Jokalariak gaizki ikusten ditut, beti bezala. Atera iristen dira, baina ez dute golik sartzen, beraiena da errua». Azken batean, taldea nola dabilen ikusita, aurten ere realzaleek asko sufritu beharko dutela uste du. «Ez dakit zer egin behar duten hobetzeko; ea datozen partidetan esnatzen diren».
Zaleek eman dituzte irtenbideak; erabakiak, ordea, ez dituzte beraiek hartuko.