Musika borborka
Presta daitezela musika zaleak. Datozen hiru egunetan proba gogorra gainditu beharko dute. Korrikalariak Behobia-Donostia egiteko prestatzen ari dira; eta musikajaleak, berriz, Kutxa Kultur Festibala egiteko. Urte bukaerako musika festarik handiena izango da. Osteguna eta larunbata bitartean zuzeneko musikaz blai izango da hiria.
Wilco rock talde estatubatuarrak inauguratuko du jaialdia bihar. Bi urte eta erdi dira Kursaalen jo zutenetik. Lehen bisita hartan auditorioa bete zuten, eta aurten ere marka berari eutsi diote. Jada ez da sarrerarik geratzen. Chicagoko taldearen zuzenekoak ikusmin handia piztu du zaleengan, eta azkar saldu dira txartel guztiak.
Rock alternatiboaren eszenako talderik onenen zerrendan da. Rocka ez ezik, folka eta countrya ere nahastu ohi dute kantetan. Uncle Tupelo taldearen errautsetatik sortu zen 1993an. Wilco izenarekin 1995ean estreinatu zen seikotea, A.M. diskoarekin.
‘The Whole love’ disko berria aurkeztuko du Jeff Tweedyren bandak. Egun Europako aurkezpen biran murgilduta dago taldea. ‘A Shot in the arm’, ‘Via Chicago’, ‘Jesus, Etc’, ‘Hummingbird’ eta ‘War on War’ bezalako klasikoak ‘Art of Almost’, ‘One Sunday Morning’ eta ‘I Might’ kanta berriak jotzen ari dira zuzenean, besteak beste. Emanaldia, Jonathan Wilson musikariarekin hasiko da. Joan den Jazzaldian izan zen Dawesekin batera, Jackson Brownen kontzertuan.
Kursaaletik Gazteszenara joango da Kutxa Kultur Festibala ostiralean. Hasieran Kutxaren Andia kaleko aretoan jo behar zuen Christina Rosenvingek, baina sarrerak azkar saltzen ari dira, eta promotorak, Ginmusicak, eszenatokia aldatzea erabaki du. Gazteszenan izango da abeslari madrildarra. PLV Havoc musikari donostiarra izango da artista gonbidatu gisa.
Festa Belodromoan Kontzertu erraldoia antolatu du Ginmusikak Belodromoan. Sei taldek joko dute larunbatean. Musika maratoia izango da. Izan ere, 18:00etan hasiko dira zuzenekoak: Gau luzea izango da ikusleentzat. Donostiako hiru talderi egokituko zaie giroa berotzea: Rock Privado, Krell eta The Brandy Hips-ek joko dute lehendabizi, eta hurrenez hurren. Thee Brandy Hips boskoteak disko berria aurkeztuko du Belodromoan. Bigarren argitalpena dute jada; iaz ‘We Are Love’ kaleratu baitzuten.
Bizkaiko We Are Standard taldeak dantzan jarriko du Belodromoa, eta Fanfarlo talde britainiarrak hartuko du lekukoa. Jaialdi erraldoiaren gailurra Eskoziako Primal Scream taldearen zuzenekoa izango da. Bobby Gillespie abeslariaren bandak 1991an kaleratutako ‘Screamadelica’ diskoko abestiak berreskuratuko ditu. Munduko biraren azken aurreko geltokia izango da Donostia.