Autismoa ikertzen duten adituak hirian elkartuko dira 2013ko maiatzean
Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Biltzarra hirian egingo da 2013ko maiatzaren 2, 3 eta 4ean. Sona handia izango duen bilkura izango da, mundu osoko 1.600-1.800 aditu hurbilduko direlako egun horietan Donostiara. Urteroko biltzar horietan puntako ikertzaile taldeak elkartu ohi direla zehaztu du Joaquin Fuentes Policlinica Gipuzkoako Haur eta Nerabeen Psikiatria Zerbitzuko buruak. «Kontinente guztietako ikerkuntza talde aitzindariek parte hartuko dute eta oihartzun handia izango du».
Biltzarra, gainera, Ipar Ameriketan egin ohi da. Aurten, esaterako, 1.700 ikeritzaileren bilgune izango da San Diego (Kalifornia). Historian bigarren aldia izango da bilkurak (Londresen izan zen 2008an) Ipar Ameriketako mugak gainditzen dituela.
Gizartera hurbildu
2013ko ekitaldia are handiagoa izan dadin, Policlinica Gipuzkoa ikerkuntza fundazioko taldeak ekimen bereziak antolatuko ditu, datorren urteko maiatzetik hasi eta 2013ko maiatza bitartean. Jarduera horien helburu nagusia autismoa ezagutzera eman eta nahasmen hori duten pertsonek kalitatezko bizitza aurrera eramateko inongo arazorik ez dutela aldarrikatu nahi dute. «Nahasmen batek ezin du pertsona bat definitu», adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak. Horretarako, autismoa duten pertsonak protagonista bilakatuko dituzte, beren bizipenak jendartean plazaratzeko aukera eskainiko dietelako.
Hala, surfak hirian duen indarra baliatuta, autismoa duten pertsonek kirol horri esker bizitutako esperientziak plazaratuko dituzte. Jazzaldiaren baitan, hala nola, nahasmenari aurre egin eta jazz talde batean parte hartzeko gai izan direla erakutsiko dute. Zinemaldian, halaber, gai horrekin lotutako filmak erakutsiko dituzte.
Goi bilera eta urte osoko jarduera sortari amaiera emateko, herri lasterketa bat antolatzea bururatu zaie. «Autismoa garaitzeko bertako herritarrek erakusten duten ilusio eta adorea mundu osoko laborategira iristeko korrika saioa izango da», adierazi du Policlinica Gipuzkoako Joaquin Fuentesek.
Autismoaren sendagai onena, «gizartearen babesa eta maitasuna» dela dio Juan Karlos Izagirre alkateak.