Mariasun Landak jasoko du ‘dabilen elea’ saria
Irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina, hainbat sariren irabazlea, jende askok irakurria, hizkuntza askotara itzulia… Eta berritzailea. Berritzailea haur eta gazte literaturan. Mariasun Landa (Errenteria-Orereta, 1949) idazleak liburugintzan egindako ibiliaren errekonozimendu saria jasoko du ostegunean: dabilen elea saria. Euskal Liburuaren Gaua izeneko ekitaldian sarituko dute Viktoria Eugenia Antzokiaren klub aretoan.
Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena da Euskal Liburuaren Gaua. 2008. urteaz geroztik antolatu ohi dute urtero: «kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik». Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada; hala nola, argitaratzaileena, idazleena, irudigileena eta itzultzaileena. Anttton Olariaga (2008), Juan Mari Torrealdai (2009) eta Itxaropena argitaletxea (2010) izan dira azken hiru ekitaldietako saridunak.
Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du Euskal Liburuaren Gaua, eta Joxan Goikoetxea akordeoi jotzaileak jantziko du musikaz. Mariasun Landak Juan Azpeitiak diseinatutako oroigarria jasoko du iazko irabazleen eskutik. Errezitaldia, musika eta ikus-entzunezkoak eskainiko dizkiote irabazleari. Arantxa Urretabizkaia idazlea, Iñaki Aldekoa editorea eta Antton Olariaga ilustratzailea ere izango dira ekitaldian.
Egun Donostian bizi da Mariasun Landa. Literaturaren Didaktikako irakaslea da hiriko Unibertsitate Irakasle Eskolan. Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazio lanak egiten baditu ere, haur eta gazte literaturan egin ditu proiektu esanguratsuenak. Jada 24 liburu argitaratu ditu sail honetan. Katalanez, gakizieraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta grekoz ere irakur daitezke Landaren istorioak. Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Saria eskuratu zuen 2003an ‘Un cocodrilo bajo la cama’ liburuarekin; Euskadi Saria 2001ean, ‘Alex’ ipuinarengatik; eta 2004an Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eskuratu zuen. 2007an nobela autobiografikoa kaleratu zuen, ‘La fiesta en la habitacion de al lado’.