Agintaldia honetan uholde arriskuari aurre egingo diotela agindu du alkateak
Argazkiak egin eta agiriak gordetzeko eskatu du Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak
Ehun lagun atera dituzte etxetik eta hemezortzi herritarrek egin dute lo Gaskan
Larrialdi zerbitzuetan ari diren langileentzat igandekoa «egun gogorra» izan zela onartu du Javier Baiona suhiltzaile buruak. Urak mehatxatutako herritarrak 2.400 bizilagun izan ziren. Hala, 24 ordutan, 40 esku-hartze egin zituztela adierazi du Baionak, «Pilar auzunean eta Okendotegin, bereziki». Aldundiko suhiltzaileen laguntzaz, ehun lagun izan ziren euren etxeetatik atera behar izan zituztenak. Aterpe beharrean ziren bizilagunak, berriz, gutxiago izan ziren. Ongizate saileko zuzendariak, Tere Barrenetxeak, emandako datuen arabera, 30 lagun artatu zituzten. Hamabi larrialdietako pisuetara bideratu zituzten eta hemezortzik Gaska kiroldegian egin zuten lo.
Udaltzainak ere lanez gainezka ibili ziren. Ekaitzaren ondorioz, hiriko 200 txokotan aritu dira urak eragindako kalteei aurre egiten lanean. Martutenen ez ezik beste hainbat lekutan ere izan zirelako txikizioak. Mundaiz eta Añorga aldean, esaterako, putzu handiak sortu ziren; Igeldon, Ulian eta 27 Industrialdean, berriz, luiziak izan ziren. Martuteneko enpresa gunearen sarreran pilatu zen ur eta lur kopuru handia dela-eta, Urumeako autobideko sarbidea itxita egon zen. Autobusek ere ez zuten goizean Loiolako koartel paretik Martutene aldera aurrera egiten.
Bi egunetan 308 litro bildu dituzte Añarbeko urtegian
Martuteneko nahiz Txomin Eneako kaleak urez pilatu diren moduan, Añarbeko urtegiak ere gainezka egin du. Etengabeko euriaren ondorioz, litro mordoa pilatu dituzte urtegian. Bi egun eskasetan metro koadroko 308 litro zenbatu dituzte. Datua ikaragarria da, azaro osoan 243 litro izaten direlako, batez beste, Añarben jasotzen direnak. Azken egunetako datuek, beraz, %27 gainditu dute batez besteko kopurua, baita azken 41 urteetan lortutako markak gainditu ere.
Urumea ibarrako inguruari ahalik eta kalterik txikiena eragiteko asmoz, halere, posible izan duten ur kopururik handiena gorde dute, ibaia behar baino gehiago ez hazteko.
Hala, larunbat osoan ez zituzten ateak ireki. Hala egin izan ez balitz, Urumearen maila %75 haziko litzatekeela jakinarazi dute Añarbeko arduradunek.
Urtegia irekitzeko premiak behartuta, eta eguraldiak atertzeko joera hartu zuela eta, astelehen goizaldean zabaldu zituzten urtegiko ateak. Horrek ibaiaren ur maila 20 zentimetro igo zituela kalkulatu dute.
Datozen orduetan, honenbestez, eguraldiak hobera egin ahala, urtegia husten jarraituko dute, hurrengo asteetan izan daitezkeen euri zaparradek Añarbe eta, ondorioz, Urumea, ito ez dezaten.
«1983. urteko uholdeen parekoa» izan dela aitortu du Juan Karlos Izagirre alkateak. Azken egunetan Eusko Jaurlaritzaren larrialdi zentrotik jaso dituen datuekin ez ezik, bertatik bertara, Martutene eta Txomin Eneako kaleetan ikusi ahal izan duenagatik ere egiaztatu ahal izan du urak eragindako kaltea.
Oposizioko zinegotziekin, Raul Fernandez Arroiabide Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuordearekin eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin atzo egindako bisitan, gainera, bizilagunen erregu, kexa eta aldarrikapenei erantzun behar izan zien alkateak.
Eskaera guztiak entzutearekin batera, halako uholde larririk ez gertatzeko, agintaldi honetan «arazoari aurre egingo» diotela agindu du. Irtenbidea eman diezaiokeen proiektua dagoeneko eskatu dutela esan du; konponbidea, berriz, «epe laburrean ez» dela helduko zehaztu du.
Martuteneko bizilagun batzuk, dena den, bere onetik aterata zeuden atzo, «egoerak, hogei urteren ondoren, bere horretan jarraitzen duelako». Beste herritar asko ere etsia hartuta daude, urak hankaz gora jarri baititu beren etxe eta dendak.
Pairatutako uholdeei aurre egiteko, «bat egin beharra» dagoela adierazi du Martin Garitanok. Aldundiak bere esku dauden zerbitzu guztiak lanean jarri dituela adierazi du ahaldun nagusiak.
Bulegoa
Udalak ere beste horrenbeste egin du. Laguntza beharrean direnek, hala nola, arreta zuzena eskaintzen dien telefonoa (010) dute. Loiolako kultur etxean, gainera, bulegoa (9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara) zabaldu dute urak hondatutako ondasunak nola berreskuratu argitzeko.
Fernando Larrañaga Aseguruen Konpentsazio Partzuergoko ordezkariak, lehenik eta behin, kaltetutako herritarrei euren aseguru etxeetara jotzeko gomendatu die eta baliagarri izan daitezkeen argazkiak egin eta agiriak gordetzeko azaldu die. Herritarrek, era berean, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari eskaera egiteko Loiolako kultur etxeko bulegoan eska ditzakete erreklamazio orriak.
Kalte ordainik handiena jaso ahal izateko, Martutene eta Txomin Enea hondamendi eremu izendatzea da asmoa. Hori dela eta, Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun ministerioari egingo dio Udalak eskaera. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa, orain, kalteak neurtzen ari da. Erreklamazioak, halere, zenbat eta gehiago izan hondamendi izendatzeko aukera gehiago daudela azaldu du Larrañagak.
Osasuna
Aseguru etxeetako ordezkariez gain, osasun saileko langileak ere buru belarri ari dira, urak gaitzik zabal ez dezan. Bi talde ari dira ur azpian geratutako txoko guztiak arakatzen. Honela, topatutako jan eta edan guztiak guztiak atzematen ari dira.
Duela hamabost egun Martuteneko gasolindegian kontrol lanak egin zituzten eta «egoera onean» dagoela ikusi eta gero, isuri arriskurik ez dagoela aditzera eman dute. Urak, baina, estolderia sarea astindu duenez, bertatik dabiltzan arratoiak aztoratu dituela zehaztu dute. Horregatik, arratoiak harrapatzeko lan egin beharko dela gaineratu dute.