Federico Felliniri eskainitako Nosferatu zikloa hasiko da bihar
Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak zuzendari italiarrari buruzko argitalpena aurkeztu dute
Bere lehen film luzearekin, ‘Luci del varieta’ (1950) lanarekin hasiko da bihar, asteazkena, Federico Felliniri eskainitako Nosferatu zikloa. Gaur eta ekaina bitartean zinemagile italiarraren filmografiaren atzera begirako osoa proiektatuko dute Antzoki Zaharrean.
Marrazkilari gisa hasi zen lanean Fellini, filmatzen hasi arte. Neorrealismoaren aitzindaritzat jotzen dute. ‘Luci del varieta’ Alberto Lattuadarekin batera zuzendu zuen. Antzerki talde bat bere ikuskizunaren aurkezpen bira murgilduta dago. Urteak bizitako gizon eta emakumeen gozamenerako sortutako lana da, eta desagertzear da. Antzezle izan nahi duen emakume gazte bat iritsi berri da, eta zuzendariaren maite sua eta haren bikotekidearen jeloskortasuna piztuko ditu.
Guztira 23 emanaldi izango dira, eta 24 film izango dira ikusgai. Lan guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, gaztelazko azpitituluekin. Euskaraz azpititulatutako emanaldiak bost izango dira. ‘Maitasuna hirian’ / ‘L’Amore in Citta’ (Azaroak 30), ‘Boccaccio ‘70’ (urtarrilak 25), ‘Ohiz kanpoko historiak’ / ‘Tre passi nel delirio’ (otsailak 15), ‘Zuzendari baten ohar bloka’ / ‘Block-Notes di un regista eta Orkestra entsegua’ / ‘Prova d’orchestra’ (martxoak 21) eta ‘Badoa itsasontzia’ / ‘E la nave va’ (maiatzak 16).
Urtero bezala, zikloarekin batera izen bereko liburu bat argitaratu du Donostia Kulturak. Oraingo honetan Euskadiko Filmategiarekin batera ekoiztu dute.
Emanaldietarako sarrera solteak 4 eurotan daude salgai; eta ziklo osorako abonamenduak 50,90 euro. Abonamendua erosten dutenek liburua eskuratuko dute doan. Proiekzio guztiak 20:15ean hasiko dira Antzoki Zaharrean.