‘Starter’ak erakusle
Egiako Photogune tailerrak erakusketa areto gisa hasi du ibilbidea; hezkuntza eta elkartoki izan nahi duen guneak hasberriekin ekin dio jardunari.
Donostian, zein Lurraldeko beste ingurutan, sumatu zitekeen hutsunearen zati bat betetzera iritsi da Egiako Photogune tailerra; hain zuzen ere, tabernen eta galeria profesionalen artekoa. Bultzatzailea duen Jose Cabezudok dioenez, «ez dago gaizki toki horietan argazki erakusketak jartzea, baina nik beste aukera bat eman nahi dut gune honekin». Langintza honetan lehen bilduma Starter izenaren pean batu dute. Hasberria edo hasten duena esan nahi du hitz horrek, eta bi esanaiak dira kontutan hartu beharrekoak izendapenaren nodik norakoak ulertzeko.
Cabezudo argazkigintzaren izen handiekin lan egin duen laborategi teknikaria da. Donostiara bizitzera etorri berritan, alor honetan «mugimendu handia» zegoela konturatu zen. «Bere burua zaletzat zuen jendea oso kalitate handiko argazkiak egiten ari dela ikusi dut Gipuzkoan eta Bilbon».
Mugimendu hori ikusita, Cabezudok bere lantegiaren parte bat jende horrentzat zabaltzea erabaki zuen. Parte Zaharreko eskola batean irakasle ere jardun duenez, hainbat ikasle ohiren lanekin Photoguneko erakusketa aretoa ireki du.
Itziar Bastarrika hamarkote horretako kidea da eta pozik dago, bere lanak erakutsi ez ezik, argazkigintzaz ere hitz egiteko eta ikasten jarraitzeko. Hala ere, Photoguneko horma batean dituen Sustraiak izeneko lanak ez ditu azaldu nahi. «Nahiago dut norberak ikusten duena erabakitzea».
Formatu, teknika eta asmo ezberdinetako lanak dira Starter bilduman, Azaroaren 18a arte, ikus daitezkeenak. Bastarrikak azaltzen duenez, «gutako batzuk, digitalean; beste batzuk plaka handiekin».
Bastarrikak ikasten jarraitzeko gunea dela esan du ere. Izan ere, Cabezudok hiru hamarkadatako bere kontaktuak baliatu nahi baititu Photogunearen formakuntza alorra dinamizatzeko. Dagoeneko, bi izen aski ezagun ditu eraskusketa eta modu bateko edo besteko heziketa ekimenak gauzatzeko ; «baina dena lortu artean ez dut izenik eman nahi». Bien bitartean, bertako argazkilari gazteek zer erakutsi badutela argi utzi du Photoguneak.