Atotxako autobus geltokiaren esleipena bertan behera utzi du Udal Gobernuak
Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez, Udal Gobernuak Atotxako autobus geltokia eraikitzeko esleipena bertan behera utzi du. Lehiaketa irabazi zuten enpresek zazpi egun izango dituzte kalte ordainak zenbatu eta horien berri emateko.
Kokapenaren inguruko erabakia hartzeko muga urte amaiera jarri zuen PPk eta Bilduk bat egiten du baldintza horrekin; “geltokia 2016rako prest egon dadin, hiriak finkatuta duen epe muga” dela baieztatu du. Era horretan, gai honetan popularrekin duten adostasuna uste baino handiagoa dela zehaztu du.
Metroaren alde egitea zen PPk ezarritako beste baldintzetako bat. Burutaranen hitzetan, “bat datoz ekialde eta mendebaldearen arteko lotura bilatzearekin”. Aldundiarekin elkarlanean, Easoko geltokian tren aldaketarik egin gabe zerbitzuari jarraipena nola eman aztertzeko prest daude, Donostialdeko Metroaren proposamena ez den beste irtenbide batzuk bila daitezkeela uste baitute.