Igandeko hitzorduaren zain
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan 146.946 donostiar dira hamar zerrendeei boto emateko eskubidea dutenak.
Bi aste igarota, gaurko egunarekin batera bukatuko da Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina. Gaueko hamabietan itzaltzekoak diren bozgorailuen ahotsek gogoeta egunari paso emango diote, hiriko txoko ugaritan azalduriko kartelek emango diete azken aholkua botoa emateko duten 146.946 donostiarrei.
Lasaitzat jo dute herritarrek hauteskunde kanpaina hau. Antiguako Jone Urkiak botoa nori emango dion ez diola esango azaldu dio kazetariari beste ezer baino lehenago; baina, «etxera propaganda gutxiago eta kaleak garbiago» nabaritu dituela aitortu dio barre artean.
Urkiak «Madrilerako diputatuak» aukeratzen direla jakin badaki. Senatariak ere hautatzekoak direla ahaztu dituela entzutean zera erantzun du: «Ah, egia da, baina… horiek zerbait egiten al dute?» .
Gipuzkoa da hauteskunde hauetan donostiarrek emandako botoak kontuan hartuko diren barrutia. Bertan Espainiako parlamentuak dituen 350 diputatuetatik 6 erabakiko dira; Araba, Bizkaia eta Nafarroako beste 17rekin batera. Gipuzkoan Urkiak gogoratzen ez zituen 264 senatarietako lau izendatuko dira.
Hauteskunde erroldaren arabera, bozketa hauetan parte hartzeko eskubidea duten donostiarrak, hau da, 146.946 pertsona, Gipuzkoako erroldaren –555.208– % 26 dira. Nolabait esatearren, Easo Ederreko biztanleek diputatu eta erdi aukeratuko dute, gutxi gora behera, asteburuko hitzordu politikoan. 2008an Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeak egin zirenean baino 688 boto emale gutxiago izango dira igandean.
Hautagaiei dagokienez, komunikabideek eta herritarren elkarrizketek alderdi politiko handienei erreparatzen badiete ere, botoa emateko garaian erakunde bakoitzerako, Kongresu zein Senaturako, hamarna hautagai zerrenda izango dute. Duela hiru urteko hauteskundeetan, 19 izan ziren boza eskatu zuten zerrendak, kontuan hartu gabe urte horretan ezker abertzaleak abstentzioaren alde egindako deia.