Urte bukaera aldean 140 etxe zozkatuko dituzte
Urte bukaeran ala urtarrila hasieran 140 etxe zotz egiteko asmoa du Udalak. Errotaburu aldean dagoen Amerika plazako ehun (75, alokairuan eta tasatutako, 25) eta Aldunaeneko 40. Morlansen ere oraindik hainbat etxebizitza daude banatzeko, Txomin Eneako eta Martuteneko uholdeek eragindako txikizioak behartuta, ordea, aurreikuspenak alda daitezke.
Apirilaren 29an izan zen zozketan, hain justu, Puio Lanberriko etxeetako bizilagunak hautatu zituzten. Duela hilabete eta erditik aurrera ari dira eraiki berri dituzten alokairuzko 60 etxeak, tasatutako 38ak eta salmenta libreko beste 38 etxeak pixkanaka betetzen.
2009ko irailean hasi ziren promozio berria eraikitzen eta bi urte pasatxotan lortu dute Errondo gainaren ondoan dagoen auzunea bukatzea. Bertako nahiz Aiete inguruko bizilagunek Hiru Damatxo izeneko plaza handia dute umeekin jolasean ibili ala patxada ederrean egoteko.
Atarietako batean Donostiako Hiru Damatxo kantu herrikoiaren letra eta doinua dago horman margotuta, kanta ez ikasteko aitzakiarik izan ez dezaten.