Pixoihal berrerabilgarriak eskuratzeko egitasmoa abiarazi du Udalak
Herrialde Katalanetako San Cugat hiriko esperientzia baliatuz, pixoihal berrerabilgarriak hiriko familien artean zabaltzeko ekimena jarri du Udalak abian. Egitasmoan parte hartzen duten familiek, hortaz, pixoihal gastuan mordoxka bat aurrezteko aukera izango dute eta ingurumenari mesedetxoa egingo diote, bide batez. Haur bakoitzak tona bat pixoihal hondakin duela kalkulatu dute, hiri hondakinen %2-3a.
Sei hilabete eta hiru urte bitarteko haurrak dituzten 40 familiei pixoihal berrerabilgarriz osatutako sorta eskainiko die Udalak. 20 xurgatzaile, 10 estalki eta zelulosazko 200 oihal dituen sorta da eta, hura eskuratzeko, Ingurumen sailarekin –ingurunea@donostia.org ala 943-483390 telefonoan– jarri behar dute herritarrek harremanetan. Sorta hori edozein dendatan erosita, 300 euroko balioa izango luke. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimena diruz laguntzen dutenez, 64,01 euro ordaindu beharko ditu erabiltzaileak.
Trukean, familiek sei hilabetez parte hartu beharko dute ekimenean. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, 13.000 euro bideratu dituzte.