Haurrei beldurrak uxatzen lagunduko diete Hipok eta Tomaxek
Hipo eta Tomaxi Beldurraren Etxea zaintzeko ardura eman diete. Lan hori egitea ez da erraza izango. Hipo etxe barruan dauden munstroen beldur da; ikaratuta dago. Tomaxek beldurrak uxatzen irakatsiko dio; eta Drakulari, Frankensteini eta sorginei nola aurre egin azalduko dio. Nola? Ba abestiekin, jolasekin eta magia apur batekin. Ezustekoz eta umorez jositako ikuskizuna da Beldurraren Etxean.
Joserra Fachado (Tomax) eta Mikel Sarriegi (Hipo) aktoreen hirugarren ikuskizuna da. Iazko udaberrian estreinatu zuten taula gainean, eta orain DVD batean jaso dute. Argitalpena jada salgai da ohiko liburutegietan 12 eurotan. Lau urtetik gorako haurrentzako ikuskizuna dela azaldu dute, baita haiekin joaten diren gurasoentzako ere.
Azken lau urteotan bi aktoreak Hipo eta Tomax pailazoen larruan aritu dira lanean: «Euskal Herriko hainbat herritan ibili gara eta jende berri asko ezagutu dugu, harreman berriak sortuz. Gure asmoa bide beretik jarraitzea da».
Orduz geroztik lau ikuskizun aurkeztu dituzte. Sukaldean lana izan zen lehena. Jatetxe bateko sukaldean eta kameren aurrean Hipo sukaldariak eta Tomax bere laguntzaileak umeei Cola Cao pastela nola egin erakutsi zieten. Ondoren Herri Kirolak aurkeztu zuten. Bi pailazoak norgehiagoka, bata bestea baino indartsuagoa dela erakutsi nahian.
Laugarren ikuskizunak ‘Dinbi-danba’ (Indio eta bakeroen istorioak) izena du. Zaldiak, geziak, arkuak, bakearen pipa… Guztia prest dago indio eta bakeroen film bat errodatzeko. Tomaxi platoa zaintzeko agindua eman diote. Hipok, berriz, hautsak kendu eta bazterrak garbitu beharko ditu, berehala hasiko baita errodajea.
Hain zuzen ere, Gabonetan Dinbi-danba ikuskizunarekin izango dira Donostian, San Telmo Museoan. Abenduaren 30ean, ostirala, antzeztuko dute euren azken lana 17:00etan. Beste emanaldi batzuk ere prest dituzte beste hainbat herritan: Legazpin (Abenduaren 26an), Villabonan (Abenduaren 27an), Trintxerpen (Abenduaren 28an), Galdamesen (Abenduaren 29an), Ibarran (Abenduaren 30ean) eta Santurtzin (Abenduaren 31n).


