Bisitari galerari aurre egiteko neurriak hartzeko eskatu du EAJk
Turismoa hiriko ekonomiaren pizgarri nagusietako bat da. Azken boladan, ordea, beheranzko joera nagusitu dela ohartarazi du Juan Ramon Viles EAJko zinegotziak. Galera hori eteteko berandu baino lehen neurriak hartu behar direla nabarmendu du eta udal gobernuak zein asmo duen galdetu du zinegotziak.
Eustatek emandako datuen arabera, urrian eta azaroan bisitari kopuruak %8 egin du behera. Turistek hirian igarotzen duten gau kopuruak ere behera egin du, %5 gutxiago. Datu horiek irauli eta goranzko bidean jartzeko, lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu du Juan Ramon Vilesek, turismoak hirian duen indarra «oso esanguratsua» baita. Donostiako eta Gipuzkoako egoerak, gainera, Bizkaia eta Arabakoarekin bat egiten ez duela jakinarazi du. Beste bi lurraldeetan bisitari kopuruak gora egin duelako. Hori dela eta, hausnarketa eta erreakzioa beharrezkoak direla aditzera eman du EAJko kideak.
Irtenbidea bilatzea
Egoera horren aurrean, udal gobernuak zer egingo duen ez dakitela adierazi du Juan Ramon Vilesek. «Ez dakigu Bilduren udal gobernuan datu horiek inolako erreakziorik sortuko duten; joera horrek bere horretan jarraitzen badu, premiazko izango da irtenbideren bat bilatzea», dio.