Badator Ttan Ttakun festa
Larunbatean iritsiko da Ttan Ttakun irratiak urtero Gazteszenan antolatu ohi duen festa. Ohi bezala bi eszenatoki izango dira eta bakoitzean giro desberdina izango da. Areto handian rocka izango da jaun eta jabe: Donostiako Speed taldea, Bartzelonako Penny Cocks laukotea, Donostia eta Lasarteko kideek osatutako Screaming Targets izango dira zuzenean. Eta DJ Manu Pogo ariko da DJ gisa. Areto txikian, berriz, musika dantzagarria izango da nagusi. Budin eta Rev John Howell DJek, Ion Celestino y Los Activos eta Funkideak taldeek berotuko dute giroa gau osoan. Musika bakarrik ez, zuzeneko irratsaioa ere egingo dute irratiko kideek, festan murgilduta.
Festa 23:00etan hasiko da. Sarrerak, ordea, 22:45ean hasiko dira saltzen, Gazteszenako leihatilan bertan. Eta ateak ere, ordu berean irekiko dituzte. Sarrerak 5 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Festak luze iraungo du, 6:30ean ateak itxi arte.