San Sebastian egunerako astebete besterik ez da falta, baina antiguatarrek gaur bertan hasiko dituzte horren inguruan antolatzen dituzten jaiak. Txupina, hala ere, bihar botako dute.

Ibaetako frontoian egingo duten koadrilen bazkaria da jaien ekimen jendetsuenetako bat. (Argazkilaria: Raul Perez)
Danbor hotsen burrunbaren aurretik, hiriko patroiaren jaiak pizten dira Antiguan. Santuaren eguna ondo ospatzeko, egun batzuen aurrerapenarekin hasiko baita festa giroa auzoan. Izan ere, sansebastianen hitzordu saihestezinak urtarrilaren 20a baino lehen egingo baitituzte. “Koadrilen eguna, San Sebastian egunaren bezpera eta urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen duen poteo elegantea. Horiek dira jaien bizkarrezurra, gainontzeko ekimenak horren inguruan apaintzen ditugu jaiak”, aitortu du jai batzordeko Kepa Larreak.
Ezinbesteko horiez gain, berritasun gutxi batzuekin zipriztindutako egitaraua osatu du jai batzordeak. Nagusienetako bat bihar bertan bizitzeko aukera izango dute gaztetxoek; lehenengoz, haurren jaitsiera egingo baitute. Bonborenea txarangaren doinuek lagunduta, Jakintza eta Larramendi ikastoletatik irtengo dira haurrak. Hauekin batera, Irrien Lagunak taldeko pertsonaiak izango dira txikiekin. Aldapa jaitsita, askaldu, eta txupinaren ordua helduko da. Jarraian, festazale gogotsuen gustuko poteo elegantea. Horren aurretik, ordea, gaur bertan hasiko dute ekimen zerrenda, eskuz binakako txapelketaren finalarekin eta Dokan egingo dituzten antzerki ikuskizunekin.
Musika talde ezagunik gabe, baina, ohi bezala, kontzertuak izango dira frontoian. “Urtetik urtera ikusten ari gara, jendeak hori baino giroa bilatzen duela. Nahiago dugu ekimen gehiago egin auzotarrentzat, merkeagoak; mugatzen gaituen kontzertu handi bat ekarri baino”, argitu du Larreak. Bihar, Antiguarock jaialdia egingo dute, Morphyna, Feos pero majos eta 3gabe2 taldeekin. Jaien bigarren asteburuan, aldiz, rap musika nagusi izango da; Lirica de cerdos, Crimen X, Pablo Hasel eta Bad Sound System taldeek errimekin abesteko duten abilezia erakutsiko baitute.
Beste musika motak nahiago dituztenek ere badute beren txokoa. Txaranga, kantu jira, mikro irekia… eta, bigarrenez, Mikel Laboaren omenezko bertso lehiaketa. “Bertsolari gazteak arituko dira, oso ezagunak ez direnak, plazetan aritzeko aukera gehiegi ez baitute”, azaldu du jai batzordeko kideak. Aurtengoan, Dokan egin beharrean, elizapean izango dute, “apaizak lehenengoz utzi digu aretoa”. Bertan, Ibaetako, Luberriko eta Igeldoko abesbatzen ahotsak ere entzuteko parada izango da. Emanaldi hauekin helduei eta adinekoei zerbait eskaini nahi diete, jaiak denentzat izan daitezen. “Haurrentzat nahiko erraz lortzen dugu, antzerkiren bat, pailazoak…. Gazteak eta ez hain helduak, parranda, poteo eta koadrila kontuekin, ondo. Gurasoekin eta parrandan ibiltzen ez direnekin, ordea, kosta egiten zaigu. Bertsolariekin eta abesbatzekin saiatuko gara horiek erakartzen”.
Jaiak gozatu eta antolatu
Egun handia auzoa danborrez betetzen duena izan arren, koadrilen egunak ere berebiziko garrantzia du. Horregatik, Larreari kosta egiten zaio bien artean aukeratzea. “Oso sansebastian zalea naiz, danborrada sakratua da niretzat. Hori kenduta, koadrilen eguna. Jai herrikoien eta parte hartzearen egiazko ikurra da”.
Blusa soinean, koadrilen bazkariaren parte hartzea urtetik urtera hazten da. Hori dela eta, denen inplikatzea sustatu nahi izan du jai batzordeak. Hala, Ibaetako frontoian bazkaldu ahal izateko, koadrila bakoitzak ekarpenen bat egin beharko du jaietan: txandaren bat egin, bazkaria antolatzen lagundu, jasotzen, prestatzen… Jai egunetan egiteko dauden mila kontu horietan jardun beharko dute. Laguntza eskakizunak “harrera ona” izan duela dio Larreak, eta txanda guztiak guztiak bete dira, batzuk gabe geldituta. Koadrilez gain, antolaketan antiguatarrek parte hartzea nahi dute, eta gutxika, taldea zabaltzen lortzen ari dira. Sansebastianak gero eta gehiago antiguatarrek beraien neurrira egindako festak izan arren, gainontzeko donostiarrak ere ongietorriak dira. “Programa irekia da, denontzako egina. Kristoren giroa izango denez, jendea anima dadila!”, gonbita luzatu die Larreak.
EGITARAUA
Urtarrilak 12, gaur
- 20:00. Antiguako VIII. Eskuz binakako pilota txapelketaren finala, frontoian.
- 22:00. Paramount Comedyko Alex Rabanalen bakarrizketa eta Miren Gaztañagaren Stereo ikuskizuna, Dokan.
Urtarrilak 13, bihar
- 17:00. Haurren jaitsiera Irrien Lagunak eta Bonborenea Txarangarekin. Larramendi eta Jakintza ikastetxeetatik irtenda.
- 18:30. Askaria.
- 19:00. Jaietako txupina.
- 19:00. Luntx herrikoia, Benta Berriko plazan.
- 20:00. Poteo elegantea auzoan zehar Iraunkorrak txarangak eta Edabe Magikoak lagunduta. Txaranga, 23:30ak arte.
- 20:30. Las Grotesques taldearen Sin balas antzezlana, Lugaritz kultur etxean.
- 22:00. Antiguarock 2012. Morphyna, Feos pero majos eta 3gabe2 taldeak.
- 22:00. Mus txapelketa azkarra, Txirain elkartean.
Urtarrilak 14, etzi
- 11:00. Ttuntturroak eta pertsonaia mitologiakoak.
- 11:30. Antiguaotarrak kontsumo taldeak antolatuta, tortila txapelketa.
- 13:00. Kantu jira.
- 13:30. Satza auzokideari lore eskaintza.
- 13:45. Kalejira Iraunkorrak txarangarekin. Benta Berriko plazatik Ibaetako frontoira.
- 14:30. Koadrilen bazkaria, Ibaetako frontoian.
- 18:30. Elektrotxaranga.
- 20:00. Las Grotesques taldearen Sin balas antzezlana, Lugaritz kultur etxean.
- 23:00. Trakets taldearekin dantzaldia, frontoian.
Urtarrilak 15, igandea
- 11:30. Txokolate jatea eta haur jolasak, Gaskonia plazan.
- 13:00. Txirain elkarteak antolatuta, toka txapelketa, Gaskonia plazan.
- 13:00. Mediopelo antzezlana, Gaskonia plazan.
- 17:00. Antzerkia, frontoian.
- 17:30. Luberriko, Ibaetako eta Igeldoko abesbatzak, elizpean.
- 19:00. Bertso saio musikatua, Dokan.
- 19:30. Las Grotesques taldearen Sin balas antzezlana, Lugaritz kultur etxean.
Urtarrilak 18, asteazkena
- 20:00. Tributo a Faemino y Cansado antzezlan umoretsua, Duit garagardotegian.
Urtarrilak 19, osteguna
- 18:30. Iraunkorrak txarangak lagunduta, Erraldoiak eta buruhandiak. Antiguotarrak elkartetik hasita.
- 19:00. Kalejira auzoan barrena, Iraunkorrak txarangarekin (22:00ak arte).
- 00:00. Ikurriñaren igoera Sansustene danborradaren eskutik, Benta Berriko plazan.
- 00:00. Iraunkorrak txarangaren emanaldia gau osoan zehar.
- 00:10. Real Club de Tenis de San Sebastian danborradaren irteera.
- 00:30. Zubimusu danborradaren irteera.
- 02:00. Santo Tomas Lizeoko Danborkide danborradaren irteera.
Urtarrilak 20, ostirala
- 07:00. Gazte danborradaren irteera, Alfontso XIII. plazatik.
- 09:00. Jakintzako gurasoen danborradaren irteera.
- 11:00. Istingorra danborradaren irteera.
- 17:00. Haur danborradaren irteera.
- 17:00. Ekintza danborradaren irteera.
- 17:00. Benta Berriko Lagunak danborradaren irteera.
- 17:30. Txirain danborradaren irteera.
- 18:00. Antiguoko kirol elkartea danborradaren irteera.
- 21:00. Baso-etxea danborradaren irteera.
- 00:00. Ikurriñaren jaitsiera, Benta Berriko plazan.
Urtarrilak 21, larunbata
- 11:30.Marokoko ipuinen kontaketa –arabieraz, gazteleraz eta euskaraz– eta te tailerra, Gaskonia plazan.
- 17:00. Mus txapelketa, Antiguotarrak elkartean.
- 18:30. Buruhandiak eta trikitilariak, Jose Maria Sert plazan.
- 19:00. Txokolate jatea.
- 19:00-20:00. Mikro irekia.
- 20:00-21:00. Banboo taldearen dantza erakustaldia.
- 21:00. Lirika de cerdos, Crimen X, Pablo Hasel eta Bad Sound System taldeen kontzertua.
- 21:00. Koma, Dokan.
Urtarrilak 22, igandea
- 10:30. VII. Zaldi Lasterketa, Ondarretan.
- 11:30. Herri dantza, frontoian.
- 17:00. 3×3 saskibaloi eta futbol partidak.
- 18:00. II. Mikel Laboa bertso sariketa, bertsolari gazteekin, elizpean.