SOS Ume Lapurtuak elkarteak laguntza eskatu die medikuei, erizainei eta emaginei
Ustezko haur lapurtuen kasuak ezagutzen dituzten mediku, erizain eta emaginei laguntza eskatu die SOS Ume Lapurtuak Euskadi elkarteak. Haien entzun edo ikusitakoa ikertzen hasteko “modu bakarra” dela adierazi du: “Zerbait kontatu dezakeenak jo dezala Fiskaltzara”.
Gipuzkoako Fiskaltza haur lapurtuen aferaren inguruko 123 salaketa bideratzen ari da. Epaileek horietatik bederatzi artxibatu egin dituzte behin behinekoz, frogarik ez dutelako lortu. Froga berriak lortuz gero, berriro irekiko lituzkete kasu horiek.