Manu Narvaez: "Alarma sortzea da turismoa benetan kaltetzen duena"
Donostia Turismok gogor kritikatu ditu PSE-EEko bozeramaileen azken adierazpenak. Ernesto Gascok turismoak joan den abuztutik hasitako beherakadaren inguruan kezka agertu zuen, eta Bilduri egotzi zion hirira etorritako bisitarien galeraren errua. Donostia Turismoko zuzendari Manu Narvaezek eta Josu Ruiz turismo zinegotziak prentsa aurrean hitz egin dute gaur, eta sozialistek “errealitatearekin bat ez datorren egoera katastrofiko bat aurkeztu dutela” salatu dute.
Turismoaren inguruko datuak nahierara erabiltzea leporatu diete Narvaezek eta Ruizek, eta zintzotasunez jokatzeko eskatu diete. Donostian bakarrik ez, Bilbon ere bisitari kopuruak behera egin duela azaldu dute. Gainera, martxoa hilabete ilunena izan zela, eta orduan Bildu oraindik Donostiako alkatetzan ez zegoela adierazi dute. Halaber, Eustat-en datuen arabera, gaualdi kopuruak gora egin duela plazaratu dute. Haien ustez, alarma pizteak eragiten die bidaiarien asmoei: “Alarma sortzea da turismoa benetan kaltetzen duena”, esan du Narvaezek