Goi mailako derbia jokatuko dute gaur
Itxako eta Bera Bera aurrez aurre ariko dira gaur, 19:00etan, Bidebietan; bigarren postuan daude donostiarrak
ABF Liga, Sailkapena
Bazirudien azken denboraldietan Itxako ahalguztidunak ez zuela sekula bere tamainako aurkaririk topatuko, ABF Ligan. Reyes Karrerek 2011-2012 Ligarako osatutako taldea, ordea, oso indartsu dabil. Azken batean, esan daiteke, Donostiako Bera Bera indarberritu egin dela, azken urteetako beheradia eta zorte txarra alde batera utzita. Oraingoan ere, lehenengo postuan aurrea hartuta dago Lizarrako taldea, Ligako sailkapenean, 28 punturekin. Bera Bera, ordea, oso txukun ari da lanean, eta liderra gertutik jarraitzen ari da uneoro, 23 punturekin. Gaurko partida zinez interesgarria izango da, bi taldeek elkarren aurka jokatuko baitute, 19:00etan, Bidebietako kiroldegian.
Bera Berako jokalariek badakide ez dutela batere lan erraza izango gaurkoan. Izan ere, momentuz, Itxakok ez du aurkaririk izan, eta Ligan jokatutako partida guztiak irabazteko gai izan da. Lehen itzulian, lan handiena eman zion taldea Bera Bera izan zen. Hala ere, 2011ko irailaren 17 hartan, partida bikaina osatu arren, 27-26 galdu zuen Donostiako taldeak. Sekulakoa litzateke Bera Berarentzat euskal derbiko irabazlea izatea. Izan ere, Ligarako oso puntu baliagarriak lortzeaz gain, 2004-05 denboralditik lortu gabeko garaipena bilduko luke; ordutik ez baita Itxako Ligako partida batean garaitzeko gai izan.
Gaurko partidan, gainera, Reyes Karrerek berriro ere bere esanetara izango du Melinda Berta, horkatileko lesiotik errekuperatu ostean. Bertak sekulako garrantzia izan zuen joaneko derbian, Lizarrerian zazpi gol sartzeko gai izan baitzen. Bertaz gain, etxean jokatzearen abantailaz baliatu beharko da Bera Bera. Erreka Laranja lagunarteko kideek ez dute hutsik egingo gaurkoan ere, euren taldea azken minutura arte animatuz. Hala ere, ziur oraindik ere ikusle gehiagorentzako tokia egongo dela Bidebietako kiroldegian, eta guztia eskertuko dute Bera Berakoek.
Xixon izango da hurrengoa
Asteburuan Kukullaga talde bizkaitarrari erraz irabazita dator Bera Bera, 16-33ko emaitzarekin. Esperientzia falta du Kukullagak eta sailkapenaren behekaldean dago, 4 punturekin. Behin Itxakoren aurka jokatuta, gainera, beste talde ahul baten aurka arituko da Bera Bera. Izan ere, datorren asteburuan Feve Xixon izango du aurkari, etxetik kanpo. Momentuz ez du norgehiagoketarik irabaztea lortu eta azken postuan dago Xixongo taldea.
- Itxako. 28 puntu.
- Bera Bera. 23 puntu.
- Mar Alicante. 20 puntu.
- Mar Sagunto. 20 puntu.
- Alcobendas. 19 puntu.
- Elche Mustang. 16 puntu.
- Rocasa. 14 puntu.
- Murtzia. 13 puntu.
- Elda Prestigio. 13 puntu.
- Leon. 12 puntu.
- Porriño. 8 puntu.
- Castro Urdiales. 6 puntu.
- Kukullaga. 4 puntu.
- Feve Xixon. 0 puntu.