Tabakalerako zuzendari eta kudeatzaile berria hautatzeko prozesua bihar hasiko dutela esan du alkateak
Tabakaleraren etorkizuna eta proiektuaren zuzendaritza ere gaurko udalbatzarrean eztabaidatu dituzten gai garrantzitsuenen artean izan dira. Juan Karlos Izagirre alkateak bihar bertan kudeatzaile eta zuzendari berria hautatzeko prozesua hasiko dutela adierazi du. Administrazio Kontseiluak hasiko du bi arduradun horiek lortzeko prozesua.
Proiektua berriro definitzen ari dira, murrizketa ekonomikoengatik apaldu egin behar izan zutelako; halere, tabako fabrika zaharra Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentro bihurtzeko proiektuak aurrera egingo duela esan du Izagirrek: “Garbi dago Tabakalerak kultur erreferentzia izan behar duela eta ez 2016. urtean soilik”. Tabakalera soilik 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren egitasmoarekin lotzearen aurka agertu da.