10.628 langabe daude Donostian
Abendua eta urtarrila bitartean 822 langabe berri zenbatu dituzte hirian. Datua iazko txarrena baino okerragoa da.
Espainiako Lan Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, urtarrila 10.628 langaberekin amaitu zen Donostian. Hau da, urteko lehen hilabetean, 822 donostiarrek galdu dute beraien lanpostua. Zenbaketaren emaitza berez txarra da, baina are gehiago, iazko kopuru altuena – 10. 418 langabe– ere gailentzen duela kontuan hartutzen bada.
Beste behin, Altzan daude langabe gehien, eta bertan beste auzoetan baino gehiago hazi da kopurua. Orotara, 1.694 dira, abenduan baino 141 gehiago. Jarraian, Amara Osinaga-Loiola-Martutene. Aurreko hilabetean baino 127 auzotar gehiago daude lanik gabe, eta jada, 811 dira. Txanponaren beste aldean, aldiz, Parte Zaharra eta Ulia-Ategorrieta. Langabe gutxien dauden auzoak dira, eta gutxien hazi direnak. Hurrenez hurren, 317 eta 486 daude.
Espainiako gobernuak onartu berri duen lan erreformak langabeziari nola eragingo dion ikusteko dago. Aditu askok dioen moduan kaltegarria bada, eta azken urteetako bilakaera errepikatuz gero –joera negatiboa maiatza arte, gutxienez–, hirian 11.000 langaberen muga gaindituko dela aurreikus daiteke.
Bihar, papereko edizioan hiriko langabezia datuen inguruko informazio zabalagoa eskainiko du IRUTXULOKO HITZAk.