Jimmy Bidaurretak disko berria aurkeztuko du asteazkenean
Jimmy Bidaurreta meets Viorica izena du donostiarraren lan berriak
Jazz, funk, elektronika eta latinoarekin lotutako hainbat proiektutan ibilia da Jimmy Bidaurreta (Donostia, 1971). Pianista eta teklatu jotzaile gisa ezaguna da, Javi Pez Orchestra, Makala Band eta Ortophonk taldeetan egindako lanagatik, besteak beste. Egun, Gasteiz Big Bandeko zuzendaria da. 2008an bere bakarkako lehen diskoa argitaratu zuen, Cosmonaut Camel. Hotsak Dantzan disko bildumaren egilea da. Orain, hain zuzen, bildumaren hirugarren zenbakia kaleratuko du: Jimmy Bidaurreta meets Viorica, eta asteazkenean aurkeztuko du prentsaren aurrean. Aurreko zenbakietan, Luis Mariano, Jesus Guridi, Quincy Jones, Tito Puente, Monty Norman eta beste batzuek sortutako piezak berrikusi ostean, pop izaera nabarmeneko konposizioen bilduma original eta bitxia osatu du binilo honetan.