Mugitu! AHTren aurkako kolektiboko Mikel Alvarez kide donostiarra deklaratzera deitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Joan den urtearen amaieran Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak jaurti zizkioten hiru ekintzaile deitu zituen deklaratzera. Orain, Auzitegiak Alvarez ere deitu du deklaratzera, inputatu gisa, ekintzan parte hartu zuelakoan. Tolosan (Okzitania), Pirinioen bi aldeetako agintariek egin zuten konferentzian bota zizkioten tartak Barcinari. Mugitu! taldeak egin zuen ekintza, AHTaren moduko azpiegitura handien eraikuntza salatzeko. “Tartak botatzea munduan erabili ohi den protestatzeko eta salatzeko modu” bat da, eta “izaera komikoa” duela defendatu zuen orduan Mikel Alvarez kolektiboko bozeramaileak.
Fiskaltzak 4 eta 9 urte bitarteko zigorra eskatu du inputatuentzat, autoritatearen aurkako atentatutzat jotzen baitu ekintza. Mugitu! taldeak ekinbide judiziala “zentzugabea” dela eta indarkeriarik gabeko protesta bat “kriminalizatu” nahi dutela adierazi du.