Benito Lertxundi eta Mireia Berenguer, disko berriko azalaren argazkiarekin. (Argazkia: Elkar)
Bere disko berriaren lehen urratsak ematen ari da Benito Lertxundi kantari oriotarra.
Oroimenaren oraina izenburupean argitaratuko du diskoa, maiatzaren erdialdean, eta hainbat kontzertu emango ditu. Donostiako Kursaal Auditorioan, maiatzaren 19an izango da; bestetik, Bilboko Euskalduna Jauregian, maiatzak 5ean izango du emanaldia, eta Iruñeko Baluarte Auditorioan, ekainaren 9an.
Diskoa oraindik guztiz osatu gabe dagoen arren, azala erabakia dago, kasualitate baten ondorioz. Izan ere, Mireia Berenguer 29 urteko kataluniarra da; baina duela bederatzi bat urte, Euskal Herriaz maitemindu eta hona etorri zen. Orain dela aste batzuk, eguzkia sortu aurretik, Jaizubiako padurako bidean, argazki bat atera zion laino arteari, lehen eguzki-printzekin batera. Bere lagun batek,
Eitb.com webgunera bidali zuen argazki hura, ETBko eguraldiaren tartean agertzeko. Gauzak zer diren, eta Benito Lertxundiren arreta bereganatu zuela argazki hark, gaueko eguraldiaren iragarpenarekin batera ikusi zuenean. Hala, bere diskorako azalerako erabiliko du argazkia, Berenguerren baimen osoarekin.