Denok Osasunaren Alde GGKEk hamarkada osatuko du igandean
Denok Osasunaren Alde (DOA) erakundeak hamar urte beteko ditu igandean. Urteurrena ospatzeko, bezperan, Donostiako Orfeoiak kontzertua emango du San Bizente elizan, 20:30ean. Oraindik prestatzen ari diren egitarauaren lehen ekitaldia izango da, eta honen bidez, DOAk bere ekimenetarako dirua bildu nahi du.
DOAren egitasmoen nondik-norakoen berri eman dute Juanjo Martinez lehendakariak eta Marian Atin boluntarioak gaur goizean Koldo Mitxelenan egindako agerraldian. Parte Zaharrean egoitza duen GGKE 172 mediku eta erizain boluntariok osatzen dute. Guatemala eta Bolivian osasunarekin eta hezkuntzarekin lotura duten proiektuak aurrera daramatza, eta hauek erakundeen diru-laguntzen nahiz boluntarioen ekarpenen bidez finantzatzen dituzte.