Gaur arratsaldean Egin Dezagun Bidea ekimenak egindako prentsaurrekoaren irudia.
Iaz, Santo Tomas egunean, Egin Dezagun Bidea ekimenak gune berezia antolatu zuen Trinitate plazan. EAJ kontra agertu da, eta gaur, 13:00etan hasiko den udalbatzarrean gai honen inguruan mozioa aurkeztuko du. “EAJko kide batek mozioa aurkeztu du udalean, antza, gunea prestatzeko baimenik ez genuela argudiatu du. Isunak jartzeko eskatu du, eta gure aldeko tratua jaso dugula dio”, adierazi dute Egin Dezagun Bidea-ko kideek.
Presoen eskubideen aldeko ekimenak beharrezkoak ziren baimenak eskatu zituztela argitu du: “Beste inork ez zuen gune hori erabiltzeko eskaerarik egin, eta beraz, ez genuen gure aldeko traturik jaso; ezta gune berean beste jarduera batzuk egiteko aukera kendu”. Mugimenduaren aldarrikapenak “euskal presoen eskubideen defentsa, muturreko egoerak pairatzen dituzten presoak etxeratzea, dispertsioarekin amaitzea” direla adierazi du. “EAJk aldarrikapen hauekin eta mugimenduarekin elkarlanean aritzea, eta ez gure lana oztopatzen ibiltzea espero dugu” plazaratu du.
Bestalde, Egin Dezagun Bidea ekimenak ostiralean, 20:00etan, Konstituzio plazatik irtengo den elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak.