Illarramendik ezingo du San Mamesen jokatu, Lehiaketa Batzordeak bi partidekin zigortu eta gero
Lehiaketa Batzordeak ez du Realak aurkeztu duen errekurtsoa onartu eta, ondorioz, bi partidekin zigortu du Realeko erdilari Asier Illarramendi. Horrenbestez, mutrikuarrak ezin izango du jokatu Ligako datozen bi jardunaldietan; Mallorcaren aurka Anoetan eta Athleticen aurka, San Mamesen.
Illarramendik txartel gorria ikusi zuen Granadaren aurkako lehian, joan den igandean, oso erabaki eztabaidatuan. Irudiak ikusi eta gero, Lehiaketa Batzordeak Teixeira Vitienes epaileak aktan jartzen duena onartu du. Hori dela-eta, Illarramendiz gain, atezainen prestatzaile Roberto Navajas ere bi partidekin zigortu du, aulkitik kanporatu baitzuen epaileak protesta egiteagatik. Realak Apelazio Batzordean errekurtsoa aurkeztuko du.
Realzaleen artean haserrea da nagusi, falta gutxien egiten duen taldea izan arren, Realak dagoeneko bost txartel gorri ikusi dituelako Ligan, horietako gehienak eztabaidatuak. Soilik Bartzelonak eta Malagak egiten dituzte txuri-urdinek baino falta gutxiago. Hala ere, zigorrak bat bestearen atzetik jaso ditu epaileen eta Lehiaketa Batzordearen aldetik.


