Kalapita sortu da udalbatzarrean, Baiona-Donostia Eurohiriaren gaia hizpide izan dutenean
Urteko bigarren udalbatzarra liskartsu abiatu da. 13:00ak pasatxo hasi da. Baiona-Donostia Eurohiriari buruz hitz egin dute, besteak beste, PSE-EEk proposatuta. Eta lehen eztabaida sortu da Juan Karlos Izagirre alkatearen eta PSE-EEko zinegotzi Marisol Garmendiaren artean. Garmendiak Bilduren ekimen falta kritikatu du Eurohiriaren gaiaren inguruan. “Mugaz gaindiko kooperazioa indartu behar dugu garraioan, zabor arloan, turismoan… eta Donostia 2016 aukera polita da indartzeko. Hala ere, gauza guztiekin bezala, horretarako lidertza behar da”, azaldu du Garmendiak. Izagirrek erantzun dio Garmendiari, azaldutako argudioak egia ez direla nabarmenduta. Une horretan eztabaida sortu da zinegotzien artean, hitz egiteko txanda ez errespetatzeagatik.
Kalapita dela-eta, udalbatzarra eten behar izan dute; alkateak aretoa utzi baitu, Bilduko zinegotziekin batera. Udalbatzarrari ekin diote hamar minutuko etenaren ostean, zinegotziek idazkariarekin hitz egin eta gero. Eurohiriaren gaiari heldu diote orduan. PPk ere udal gobernuaren ekimen falta kritikatu du arlo horri dagokionean. “Baiona-Donostia Eurohiriaren inguruan gauza bat bakarrik entzun diogu Bilduri: Biarritzera joan behar dugula hegazkina hartzeko”, azaldu du PPko zinegotzi Iñigo Arcauzek. EAJko bozeramaile Eneko Goiak, bere aldetik, ekimenari “gogoz” heltzeko aldarrikatu du.
Eztabaidak eztabaida, PSE-EEren erakunde adierazpena aho batez onartu dute, Bilduk ere Eurohiriaren alde dagoela azpimarratu baitu. Lehenago, Marisol Garmendiak alkateari “urduri ez jartzeko” eta “haurrek dituzten kasketak” ez izateko eskatu dio, “erakunde baten ordezkaria delako”