Mikel Alvarez Mugitu! AHTaren aurkako kolektiboko kide donostiarrak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratuko du gaur. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak jaurtitutako ekintzan inputatu du auzitegiak. Joan den urtearen amaieran, Mugitu! AHTren aurkako kolektiboko beste hiru ekintzaile deitu zituen deklaratzera; Tolosan (Okzitania), Pirinioen bi aldeetako agintariek egin zuten konferentzian Barcinari tartak bota zizkiotelakoan. Mugitu! taldeak egin zuen ekintza, AHTaren moduko azpiegitura handien eraikuntza salatzeko. “Tartak botatzea munduan erabili ohi den protestatzeko eta salatzeko modu” bat da, eta “izaera komikoa” duela defendatu zuen orduan Mikel Alvarez kolektiboko bozeramaileak.
Fiskaltzak 4 eta 9 urte bitarteko zigorra eskatu du inputatuentzat, autoritatearen aurkako atentatutzat jotzen baitu ekintza. Mugitu! taldeak ekinbide judiziala “zentzugabea” dela eta indarkeriarik gabeko protesta bat “kriminalizatu” nahi dutela adierazi du.